Xabier Zalduak hirugarrenez irabazi du Euskal Pentatloi Txapelketa

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 27a, 11:32

III. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatu zuten atzo Azpeitiko zezen plazan, eta gainontzeko bi edizioetan bezala, atzokoan ere Xabier Zalduak jantzi zuen txapela, 36:06 denbora eginda. Kepa Peñagarikano laugarren sailkatu zen (38:42).

Euria goian-behean zela jokatu zuten atzo, larunbata, III. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Askok uste zuten lehia bertan behera uzteko modukoa zela eguraldia, baina, hala eta guztiz ere, jokatu zuten proba. Segurtasun neurriak, maskarak eta aterkiak tarteko, irudi bitxiak ikusi ahal izan ziren harmailetan.

Kanporaketa fasean egindako denboren arabera, bi txandatan banatu ziren kirolariak: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares lehiatu ziren lehen txandan, eta Xabier Zaldua –azken bi urteetako txapelduna–, Julen Gabirondo eta Xabier Orbegozo Arria V.a bigarrenean.

100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematea; gizon proban, bi plaza osatzea 400 kiloko harriarekin; hiru kanaerdiko moztea; 50na kiloko txingekin lau plaza osatzea; eta korrika hiru kilometro egitea, zezen plazari 30 buelta emanez. Horiek izan ziren, hurrenez hurren, kirolariek egin beharreko lanak.

Lehen txandan, Peñagarikanok aldea atera zien Errazkini eta Kañamaresi lehen lau probetan, baina korrikarako garaia iritsi zenean, bete egin zen azpeitiarra. Peñagarikanok oinez eman zion zezen plazari itzuliren bat edo beste, baina lortu zuen indarrak berreskuratzea, eta, azkenean, denbora ona eginez amaitu zuen pentatloia: 38 minutu eta 42 segungo behar izan zituen lanak amaitzeko. Kontuan hartzekoa da Zalduak iaz 38:30 denborarekin jantzi zuela txapela. Azpeitiarraren atzetik amaitu zuen lehia Errazkinek (40:05), eta, ondoren, Kañamaresek (43:25).

Bigarren txandan, berriz, azken bi urteotako txapelduna nagusitu zen lehia guztian zehar. Gabirondo hurbil izan zuen une batean baino gehiagotan, eta korrikako proban, bazirudien harrapatu egingo zuela. Dena dela, azkenean, Zalduak lortu zuen abantailari eustea eta pentatloia aurrena amaitzea. 36 minutu eta sei segundo behar izan zituen hark lanak amaitzeko, azken bi urteetan egindako denborak hobetuz. Haren atzetik amaitu zuen Gabirondok (36:41), eta ondoren helmugaratu zen Arria V.a. Errezildarrak beteta amaitu zuen proba, nahiz eta bere denborarik onena egin zuen (37:55).

Azken hiru urteotako txapelak jantzita, Zaldua bilakatu da pentatloien maisu. Dena dela, bada haren pareko markak dituen beste kirolari bat: Joxe Mari Olasagasti. Hark ere hiru txapel ditu Euskal Pentatloi Txapelketan: 1983an, 1984an eta 1990ean gailendu zen proba horretan.

Hona hemen kirolariek atzo lortutako denborak:

1. Xabier Zaldua: 36:06

2. Julen Gabirondo: 36:41 (+00:35)

3. Xabier Orbegozo Arria V.a: 37:55 (+01:49)

4. Kepa Peñagarikano: 38:42 (+02:36)

5. Iñaki Errazkin: 40:05 (+03:59)

6. Julen Kañamares: 43:23 (+07:17)

(Argazkiak: Ibon Errazu eta Ihintza Elustondo)