Juaristi ISBk LEB mailako Euskal Kopa irabazi du

Andoni Elduaien 2020ko ira. 27a, 11:16

Pino zenaren omenez, hainbat oroigarri jaso zituen familiak partidaren hasieran. Klubeko maskotak ere izen berria izango du aurrerantzean: Pino.

Iraurgi Saski Baloia taldeak Euskal Kopako partidak jokatu zituen atzo, larunbata. Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen finala Zornotza taldearen aurka eta irabazi egin zuen kopa. Azkoitia-Azpeitia ISBk, ordea, ez zuen finalerdia irabazterik lortu.

Azpeitian, mutilen partida hasi aurretik, uztailean hil zen Pino klubeko ordezkari ohiari omenaldia egin zioten.  ISBk, Euskadiko Saskibaloi Federazioak eta Azpeitiko Udalak emandako oroigarriak jaso zituzten Pinoren familiak. Leire Ostolazak, berriz, bertsoa eskaini zion. Pinoren etxekoek, azkenik, ere koadro bat entregatu zioten Jose Luis Zubizarreta Xubi-ri. Pino ez zen omendu zuten pertsona bakarra izan, ordea; Iker Salazar jokalari ohiak ere omenaldia jaso zuen Iraurgiren partetik. 

Mutilen neurketa estu-estua izan zen. Lehen bi laurdenen ondoren Juaristi ISB 34 eta 31 aurretik iritsi zen atsedenaldira. Hirugarren laurdenaren amaieran, ordea, abantaila polita hartu zuen etxeko taldeak. Azken zatian, baina, Zornotzak aurrea hartzea lortu zuen. Neurketa amaitzeko bozinak jo zuenean, ordea, markagailuan 62na puntu zituen talde bakoitzak eta luzapena jokatu behar izan zuten.

Lehen luzapen horretan ere bi taldeetako inork ez zuen abantailarik hartu, eta 72na amaitu zen neurketa. Bigarren luzapena jokatu behar izan zuten, beraz, Juaristi ISBk eta Zornotzak kopa nori eman erabakitzeko. Amaitzeko segundo gutxiren faltan Pavel Savkov Juaristi ISBko jokalariak egindako hiruko bati esker, 81 eta 79 irabazi zuen ISBk. Joan den urtean bezala, Juaristi ISBk altxatu zuen LEB mailako Euskal Kopa.

Azkoitia-Azpeitia ISBk, ezin

Azkoitia-Azpeitia ISBk, bestalde, ez zuen finalera sailkatzerik lortu, Oses Construcciones Ardoi talde nafarraren aurka 54 eta 68 galdu baitzuten neskek. Barakaldon (Bizkaia) jokatu zuten kopa. Atsedenaldira 23 eta 30 atzetik iritsi ziren Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko neskak, nafarrek huts eta hamarreko partziala egin baitzuten; ordutik aurrera, ISBko neskek ez zuten lortu neurketa estutzerik, eta nafarrek eman zuten finalerako urratsa. Gaur, igandea, 16:30ean jokatuko du hirugarren edo laugarren postua erabakiko duen partida Azkoitia-Azpeitia ISBk Barakaldon bertan, HGB Ausarta Barakaldo taldearen aurka. Finala, berriz, Ardoi eta GDKO Ibaizabal taldeek jokatuko dute, 19:00etan. 

(Kopa altxatu zuteneko argazkiak Mikel Amenabarrena dira)