Dignidad y Justicia elkarteak Gudari Eguneko ekitaldiak debekatzeko eskatu du Auzitegi Nazionalean

Andoni Elduaien - Ihintza Elustondo 2020ko ira. 26a, 21:07

Dignidad y Justicia elkarteak atzo aurkeztu zuen salaketa Auzitegi Nazionalean, Gudari Egunaren harira biharko antolatu dituzten ekitaldiak debekatzeko eskatuz. Ekintza horiek "terrorismoa goratzen" dutela uste du elkarteak.

Gudari Eguna dela eta, ekitaldiak egingo dituzte bihar Euskal Herriko hainbat gunetan; tartean, Nuarben. Dignidad y Justicia elkarteak, ordea, ekitaldi horiek debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari, "terrorismoa goratzen" dutela argudiatuta. Atzo, ostirala, aurkeztu zuen salaketa elkarteak.

Salatzaileen arabera, ekitaldi horien sustatzaileak "Amnistia Eta Askatasuna (ATA) taldekoak" dira, "ETAtik bereizitako erakundea, borroka armatua defendatzen duena". Era berean, Jarki ere ekitaldien sustatzailea dela dio Dignidad y Justicia elkarteak, eta bere hitzetan, Jarki "ATAk sortutako gazteen erakundea" da. "Konfrontazioa bilatu dute Euskadi eta Nafarroa anexionatu eta Euskal Herri handi bat osatzeko", azaldu du elkarteak. 

Dignidad y Justicia elkartearen ustez, "deitutako ekintzek ez dute elkartzeko eskubidearen helburu zilegirik betetzen". Halaber, elkarteak azaldu du "jarduera terroristetan hildako ETAko kide guztiak" omendu nahi dituztela biharko ekitaldietan, eta horrela, ekintza horiek "baliozkotzat jo" nahi dituztela.

Salaketa egin duen elkarteak azaldu du, Gudari Egunaren harira hainbat kartel daudela ekitaldi horietarako deialdia eginez. Kartel horietan arrano beltzaren ikurra eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak erakundearen anagrama agertzen direla salatu du, "ETArekin duen loturagatik legez kanpokotzat deklaratutako erakunde zaharra". Aipatutako kartel horietan, gainera, "borroka geldiezina da" eta "borroka bidezkoa da" esaldiak irakur daitezkeela ere esan du elkarteak salaketa egiteko.

Arrazoi horiek tarteko, elkarteak Gudari Eguneko "ekintzak debekatzeko" eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Era berean, Auzitegi Nazionalari eskatu dio "ahalik eta azkarren" ikerketa eginbideak egiten hasteko, Guardia Zibilaren informazio Zerbitzuek, Polizia Nazionalaren Informazio Komisaria Nagusiak eta Ertzaintzak biharko deitutako ekitaldien inguruko txostenak bidal ditzaten.