Adinekoen egoitzetako lan gatazkari konponbidea emateko eskatu dute hainbat herritarrek

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 26a, 15:43

Gipuzkoako Senideak elkarteak agerraldia egin du gaur Azpeitian, adinekoen egoitzetako lan gatazkaren aurrean "berehalako konponbide eraginkorra" eskatzeko. Ekitaldian azaldu dutenez, mozio bat aurkeztu dute Gipuzkoako udal guztietara, eta Azpeitiko Udalak onartu du idatzia. Herritar ugarik egin dute bat elkartearen eskariekin.

Gipuzkoako Senideak elkarteak bultzatuta, adinekoen egoitzetako lan gatazkaren gaia mahai gainera ekarri duten ekitaldiak egin dituzte gaur, larunbata, Azpeitian. Erresidentzietako egoiliarren senideek osatzen dute Gipuzkoako Senideak elkartea, eta gaurko agerraldiaren bidez, egoitzen lan gatazkari "berehalako konponbide eraginkorra" eman diezaioten eskatu dute. Lurraldeko hainbat gunetan ari dira agerraldiak egiten, eta Urola Kosta eskualdeari dagokiona izan da Azpeitikoa.

Ekitaldiarekin hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute, "bizitzen ari garen egoerak eragindako biktima guztiengatik". Isilunearen ostean, Nekane Saenz de Cabezon eta Irene Coulon Gipuzkoako Senideak elkarteko kideek eta Martin Alegria Duintasunako kideak hartu dute hitza. Gipuzkoako Senideak taldeko kideek azaldu dutenez, Gipuzkoako udal guztietan mozio bat aurkeztu dute. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Azpeitiko Udalari mozioa onartzeagatik. Azkoitiko Udalari dagokionez, eskerrak eman nahi dizkiogu EH Bildu taldeari, lagundu digulako, eta jakinarazi nahi dizuegu Azkoitia Bai abstenitu egin dela eta EAJk ez digula erantzunik eman".

Mozioa

Jarraian, mozioa irakurri dute:

1. Gure adinekoen arreta lehentasunezko gaia da, eta, aldi berean, presako kontu bat, irizpide politiko sindikalen gorabeheren mende egon ezin dena.

2. Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egitea behar diren neurriak har ditzan laneko gatazka hori konpontzeko, gatazka horrek erabateko eragin pasiboa/aktiboa baitu. Era berean, Foru Aldundiari eskatzea kobratutako kuoten eta eman gabeko zerbitzuen ehuneko zatiak itzultzeko konpromisoa bete dezala, eta hori ukatzen ari zaien eskubide gisa espero dute egoiliarrek eta mendekotasuna duten pertsonek. Era berean, Foru Aldundiari eskatzea arreta-ratioak berriz azter ditzala, ez errentagaritasun ekonomikoaren irizpideen arabera, baizik eta mendekotasuna duten eta ahulak diren pertsonei zerbitzua emateko, zerbitzu instrumentalizatu bat baino zerbait gehiago behar baitute.

3. Gaur egungo lan gatazka konpontzeko, Foru Aldundiari eskatzen diogu mahai bat deitzeko, non inplikatutako alderdiak eseriko baitira gatazka hori amaitzeko helburu bakarrarekin.

4. Udaletik Gipuzkoako Egoitza eta Eguneko Zentroen Hitzarmen Kolektiboan gatazkan dauden sektoreko patronalei dei egitea, aurrerapauso bat eman eta arazo hori konpontzeko benetako ahalegina egin dezaten, beste pertsona batzuek gainditu ezin izan duten bizitza-luzera baitu.

5. Udal honek konpromisoa hartzen du zentro publiko eta itunduetan dauden egoiliarrei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gutxieneko kanonak nabarmen urratzen dituzten enpresen aurka jotzeko. Azkenik, zure udalari eskatzen diogu, osoko bilkuran goian adierazitako puntuak onartu ondoren, ondorio horiek lehenbailehen Gizarte Politikako foru diputatuari helaraztea.

243 egun greban

Gipuzkoako Senideak taldeak gogorarazi du egoitzetako langileek 243 egun daramatzatela greban. "Eta gatazkak bere horretan jarraitzen du. 2012az geroztik ez dago hitzarmen kolektiborik, eta negoziazio mahaia beste behin hautsita dago, patronalaren azken proposamenaren ondorioz sindikatuak altxatu egin baitziren". Horren harira, "aldundiak esku hartu dezala eta inplikatutako alde guztiekin mahai baten inguruan eser dadila" eskatu dute, konponbide adostua eta eraginkorra lortzeko. "Ez dugu ahaztu behar gatazka honen ondorioak gehien pairatzen dituztenak egoiliarrak direla".

Gipuzkoako erretiaratuen eta pentsiodunen Duintasuna elkarteak Gipuzkoako Senideak elkartearen eskariak babestu ditu. Alegriak eman ditu hori azaltzeko arrazoiak: "Bidezkoa da adinekook bizitza duina izatea, bai familiaren etxean, bai egoitzetan. Gure ustez foru erakundea da mendekotasunean eskumenak dituena, bizi baldintza duinak bermatzearen arduraduna, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak eskainiz. Beharrezkoa da, bai egoiliarrek, bai haien senideek, hitza izatea egoitzei buruz hartzen diren erabakietan".

Irauli Zaintzako, Urola Kostako Pentsiodunen Plataformako, mugimendu feministako eta sindikatuetako ordezkariak ere Azpeitian izan dira gaur. Hitzartzeak amaitzean, aulkietan eseri eta esperientziak elkarbanatu dituzte bertaratutakoek. Besteak beste, Olatz Isasmendi San Martin egoitzako langileak hitz egin du.