Aitor Zulaika: "Real Unioneko lehen etapak eragina izan du bigarren etapa martxan jartzerakoan"

Andoni Elduaien 2020ko ira. 27a, 12:53
Zulaika, eskuinean, Real Unioneko presidentearekin. (Argazkia: R. Union)

Aitor Zulaika (Azpeitia, 1976) entrenatzaileak bigarren ibilbidea hasi berri du Irungo (Gipuzkoa) Real Union taldean. 2014-2015 eta 2015-2016 denboraldietan ere zuzendu zuen azpeitiarrak Real Union, eta orduko oroitzapenek eraman dute berriz talde beraren ardura hartzera. Azpeitiarrak Realean egin ditu azken urteak,  entrenatzaile eta ziklo koordinatzaile karguan.

Real Unionera itzuli zara. Zer moduz joan dira lehen asteak?

Ondo. Etapa berria den arren, Real Union ez da toki berria niretzat. Aurreko etapatik ez da asko aldatu kluba; hau da, instalazioak, lanean ari den jendea, zuzendaritza zein presidentea berberak dira, eta zentzu horretan, ez da esperientzia berria. Lehen hilabete honek, batetik, COVID-19aren ondorengo itzulera nolakoa izango den lantzeko balio izan digu. Bestetik, ordea, oinarria izan da urtean zehar jokatu nahi dugu jokamoldearen arlo garrantzitsuenak lantzeko. Denboraldi aurreko neurketa bakarra jokatu dugu, entrenatzeko baliatu dugu gehienbat denbora. Oro har, lau asteak onak izan dira; gustura gaude berriz elkar ikusteko, futbolarekin besarkatzeko eta datorrenerako prestatzen joateko balio izan digulako.

Ezohiko garaia izanik, zailtasun gehiago izan al dituzue udan taldea osatzeko?

Gizarteko beste arlo guztietan gertatzen den bezala, futbolean ere arazoa da egungo osasun egoera, eta zalantzak eragiten ditu. Ez du ezertan laguntzen; egunerokotasunerako zalantza asko sortzen ditu, eta protokolo asko bete beharra dakar. Halere, ari gara betetzen, eta pixakanaka zalantzak argitzen eta uxatzen goaz. Taldeari dagokionez, iaz Real Unionen jokatzen zuten hogei jokalarietatik 11k jarraitzen dute. Aldaketa bat badago, baina erdiek baino gehiagok jarraitzeak esan nahi du taldeak baduela oinarria. Hori kontuan hartuta, gure asmoa taldeak zituen ahulguneak jokalari berriekin indartzea izan da. Fitxaketak egiteko epea urriaren 5ean amaituko da, eta taldea ez dago guztiz itxita. Gustura gaude dugunarekin, eta inor gehiago etortzen bada, ongietorria izango da.

Taldeko entrenatzaile berria zarenez, jokamolde berria txertatu beharko diozu taldeari. Lan hori al da zailena entrenatzaile batentzat?

Ez dakit zailena den, baina eginbehar nagusiena da, zalantzarik gabe. Ni ez naiz inor iaz Real Unionen zegoen entrenatzaileak egin zuen lana epaitzeko, baina beste jokamolde bat zuen. Guk jokamolde berri bat jarri nahi dugu zelaian, eta aldaketa hori egiteko denbora behar da; horretarako zer hobeto denboraldi aurrea baino. Taldeak gerora ezinbestekoak izango dituen moldeak lantzeko, ona da denboraldi aurrea, baina batez ere, denboraldi aurrearen lehen fasea. Horregatik, lehen hilabete honetan entrenamendu asko egin ditugu, baina partida bakarra jokatu dugu. 

Real Unionen lan egindakoa zara lehen ere. Zer oroitzapen dituzu ordutik?

Oroitzapen oso onak ditut. Kirol arloan, oso onak izan ziren bi urteak, eta arlo pertsonalean ere jokalariekin eta klubeko kideekin oso harreman ona eta estua mantendu dugu urte hauetan guztietan. Horiek dira Aitor Zulaika berriz Real Unionera itzuli izanaren arrazoietako batzuk. Klubean gure oroitzapen onak dituzte, eta guk ere bai beraienak; bai klubagatik, bai bertan dauden pertsonengatik, baita lortutako garaipenengatik ere. Real Unionen egindako lehen etapak eragina izan du bigarren etapa martxan jartzerakoan. 

Zein da Irunen erakutsi nahi duzun jokamoldea?

Ezagutzen nauen orok badaki azken urteetan guk entrenatu ditugun taldeek nola jokatu izan duten. Zelaian jokoa proposatuko duen taldea izango da, jokatzeko orduan konbinatutako joko baten alde egingo duena. Defentsa lanean, berriz, zain egon beharrean baloiaren bila joango den taldea izango gara. Horiek lortzeko, gauza asko egin behar dira. Baloia galdutakoan, erreakzio eta presio azkarra nahi ditugu; baloia hartu ondoren eta zelaian dugun kokapenaren arabera, trantsizio azkarra nahi dugu zelaian. 

Aurten liga txapelketa ere ez da berdina izango, aldaketa asko egin baititu federazioak.

Aurten, lehiaketari dagokionez, sailkapenaren inguruko gorabeherak desberdinak izango dira. Hogei talde bi azpimultzotan banatu dituzte, eta hiru fase desberdin egongo dira. Dena da berria eta dena da zalantza. Horren aurrean, baina, bi bide daude: zezenari adarretatik heltzea edo pasatzen uztea. Gure asmoa lehenari ekitea da, lana baita ziurgabetasuna eta egonezina sortu dituen egoera honi aurre egiteko modu bakarra. Lehiatzeko partida gutxiago daude, eta neurketa gutxiko lehiaketetan, askotan garrantzitsua da jokamolde edo estilo propioa izatea, baina baita alternatiba edukitzea ere; hori landu beharko dugu gehiago. Lehiaketa batean ondo hastea beti izaten da garrantzitsua. Gure kasuan, ordea, gehiago da; liga antolatu duten bezala, lehen fase hau oso-oso garrantzitsua izango baita.

Zer iritzi duzu azpimultzoan dituzuen aurkariei buruz?

Gure multzoan, nagusiki lurraldeen arabera egin dute banaketa, eta urtero izan ohi duen antzeko maila izango du. Halere, aurretiaz ikusita, nahikoa aurkari zailak egokitu zaizkigu gure azpimultzoan. Datu objektiboetan oinarrituta, beste azpimultzoa maila baxuagokoa dela esango nuke. Gure azpimultzoan goi mailako taldeen hiru harrobiko talde daude; beste azpimultzoan, berriz, bakarra. Hiriburuetako talderik ez dago beste azpimultzoan, gurean bai. Horrez gain, Espainiako Bigarren Mailatik jaitsi den talde bat sartu dute gure taldean, eta Espainiako Hirugarren Mailatik igotako talde bat gutxiago dago gurean. Datu objektiboak dira, baina zailtasun horiei ere aurre egingo diegu gure ahalegin guztiarekin. 

Zein da zuen helburua?

Denboraldi-aurrean guztiok egiten dugun galdera da helburuarena. Bada euskarazko esaera zahar bat horretarako aproposa: atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu. Eta helburu konkretu bat jarri aurretik, hori esango nuke. Badakigu atzean Real Union zaila izan dela, eta horri begiratu behar diogu aurrea nola dantzatu ikusteko. Hori kontuan hartuta, gure helburua hobetzea da, klub, talde eta jokalari bezala. Norbanako bakoitza hobetzen bada, taldea eta emaitzak ere hobeagoak izango dira.

Hobetze horren barruan Bigarren B Mailako 102 taldeetatik 90 taldek helburu konkretu bat edukiko dute: Bigarren B Pro Mailara igotzea; 36 talderentzat dago tokia soilik, ordea. Beste hamabik, berriz, Espainiako Bigarren Mailara igo nahiko dute, eta besteak, dauden mailan gustura egonda, gozatzera aterako dira zelaira. Bigarren B Pro Mailara igotzea helburu zaila eta konkretua da, ia talde guztiek komunean izango duten helburua. Beraz, helburu hori ahaztu, eta egunerokotasunean hobetzen zentratu beharko dugu. Hori da bide bakarra. 

Realean egin dituzu azken urteak, entrenatzaile eta koordinatzaile lanetan. Nola baloratzen duzu etapa hori?

Oso balorazio positiboa egiten dut. Gustatzen zaidan ofizio baten parte izateko aukera eman dit Realak; Sansen eta Reala C taldeetan bigarren entrenatzaile izan naiz lehenik, eta koordinatzaile lanetan aritu naiz gero. Aukera hori izate hutsagatik positiboa da balorazioa. Niretzat izugarria izan da Realean dagoen jendearekin lan egitea; Imanol Alguacil Realeko entrenatzailearekin, esaterako. Alguacilen ondoan bi urte eman izana aberasgarria izan da, positiboa. Nik Realari emandakoaz aparte, Realak niri eman didanari ere balio oso positiboa ematen diot. Nahiz eta pertsona bezala zein futbola ikusteko moduan Aitor Zulaika ez den aldatu, entrenatzaile bezala gauza berriak ikasteko aukera eman dit talde txuri-urdinak. Metodologian eta ariketetan hobetu dudala esango nuke, jendearekin lan eginda beti ikasten baita zerbait. Asko eskertzen diot Realari. 

Besterik esateko?

Segi zuek egiten duzuen lan horretan. Euskal komunikabideei, berriz, berriak eta elkarrizketak euskaraz egiteko esango nieke.