Euskaraldia 2020

Enpresek bihar dute Euskaraldian izena emateko azken eguna

Uztarria 2020ko ira. 26a, 10:01

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den egitasmoan parte hartu nahi duten norbanakoek ere eman dezakete izena belarriprest edo ahobizi roletan. Herriko lau entitatek Euskaraldian zergatik eman duten izena azaldu dute.

Udazkenean sartzearekin bat, abiadura hartzen ari da Euskaltzaleen Topaguneak bigarrenez antolatu duen Euskaraldia. Batetik, bihar amaituko da izena emateko epea entitateentzat; hau da, enpresa, saltoki, elkarte eta erakundeentzat. Bestetik, norbanakoak has daitezke apuntatzen belarriprest eta ahobizi rolak hartzeko. Gainera, ostegunean egin zuten egitasmoaren aurkezpen ekitaldia Bergaran (Gipuzkoa).

Euskaraldiari lotuta, herriko enpresen eta elkarteen testigantzak bildu ditu Uztarriak. Euskaraldian zergatik eman duten izena azaldu dute entitate horiek, baita zer duten hobetzeko ere. Hona hemen lau testigantza:

Biele (Maider Aizpuru): "Harro parte hartuko dugu Euskaraldian, inguruko enpresentzat eredu izateko helburuarekin"

Biele enpresan aspalditik ematen diote garrantzia euskarari. "Badira hamabi urte Elegune proiektuan parte hartzen hasi ginela, eta ordutik, lanteketa handia egin dugu", adierazi du Maider Aizpuruk. Izan ere, haren ustetan, euskaraz hitz egitea ez da nahikoa. "Harremanak, administrazioko zereginak, fakturak... enpresa batean gauza asko egiten ditugu, eta horiek guztiak euskaraz gauzatzeko bitartekoak sortzen eta garatzen joan gara urteotan guztiotan". Egindako lan hori guztia baieztatuko duen ziurtagiri bat lortu nahian dabiltzala ere azaldu du Bieleko ordezkariak. "Aurten egitea zen gure asmoa, baina COVID-19ak eragin duen ezohiko egoerak bultzatuta, pixka bat atzeratu egin behar izan dugu asmo hori".

Euskaraldiaren aurreko edizioan ere parte hartu zuen Bielek eta baita hango langileek ere, eta aurtengoan ere dudarik ez dutela egin esan du Aizpuruk. "Harro hartzen dugu parte, eta inguruko enpresentzat eredu izateko helburuarekin".

Kimu Bat (Aitziber Otegi): "Egitasmoa babestu nahi dugu, guk lanketa eginda baitaukagu"

Azpeitiko Kimu Bat enpresako Aitziber Otegik azaldu du berena beti izan dela enpresa euskalduna, eta azken urteetan barne lana egin dutela idatzizko dokumentazioa ere euskaraz izateko. "Ahozko hizkuntza beti euskara izan da, eta lana egin dugu idatzizkoa ere hala izateko; T-10 dokumentuak eta halako guztiak. Hortaz, Euskaraldian parte hartuko dugu egitasmoa babesteko, nahiz eta guk berez lanketa hori eginda daukagun".

Ana.bio ile apaindegia (Ana Segurola): "Pena da oraindik ere euskararen egoera hobetzeko halako proiektuak martxan jarri beharra"

Imanol Amianok [Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzailea] eman zion egitasmoaren berri Ana Segurolari. "Gustatu egin zitzaidan eta parte hartzea pentsatu nuen. Aurreko edizioan ere parte hartu nuen". Segurola bera bakarrik aritzen da ile apaindegian lanean, eta "ahal duen guztietan", euskaraz egiten du bezeroekin. "Bestalde, euskara ikasten ari direnekin ere saiatzen naiz euskaraz hitz egiten. Euskaraldia aurrerapauso interesgarria iruditzen zait, baina pena da oraindik ere euskararen egoera hobetzeko halako proiektuak martxan jarri beharra".

Kulturaz (Xabier Aranbarri): "Euskarazko kultura sustatzen dugu, eta euskara barren-barrenean daramagu"

Kulturaz kooperatibaren jarduera euskal kulturari estuki lotutakoa da, Xabier Aranbarrik azaldu duenez. "Euskarazko kultura sustatzen dugu, eta euskara barren-barrenean daramagu". Gainera, Kulturazek antolatutako ekitaldien %90-95 euskarazkoak izaten dira. "Proiektua osotasunean euskarazkoa da, gure arteko egitura guztietan ere euskara da nagusi, komunikazioa ere %100ean euskaraz egiten dugu...". Aranbarriren esanetan, Sanagustin kulturgunea "kulturaren eta euskararen plaza" da. "Hitzaren Eskola ere jarri genuen martxan, eta nik uste dut tokatzen zitzaigula Euskaraldian izena ematea; badauzkagu arrazoiak horretarako".

Dena dela, hobekuntza guztietarako "irekita" daudela azaldu du Aranbarrik. "Bederatzi arigune identifikatu ditugu. Horietako bost barnealdeari lotutakoak dira, egiturari dagozkionak: kultura, komunikazioa eta horiek finantzatzeko erabiltzen ditugun zerbitzu guztiak. Eta, kanpora begira, beste lau arigune jarri ditugu martxan: komunikazioa, kultur jarduera, kultur proiektua, ostalaritza, zerbitzu teknikoa...". Aranbarriren arabera, "DNAn" daramate euskara bultzatzeko grina. "Kultur arlotik batez ere, baina baita enpresa arlotik ere; izan ere, kooperatiba bat gara, eta arlo horretatik ere euskara bultzatzeko ahalegin bat egiten dugu. Euskaraz funtzionatzen dugu guk".