Ertzaintzak marihuana plantazio bat desegin zuen joan den astean Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko ira. 25a, 14:10

Azken egunetan hainbat marihuana plantazio aurkitu eta desegin ditu Ertzaintzak Gipuzkoako hainbat herritako baserri eta landa eremuetan; horietako bat Azpeitian. Bi lagun jarri ditu ikerketapean Ertzaintzak plantazioen ardura dutelakoan.

Ertzaintzak hainbat marihuana plantazio aurkitu ditu Gipuzkoako hainbat baserri eta landa eremutan, baita Azpeitian ere. Joan den astean aurkitu zuen Ertzaintzak plantazio bat herriko baserri batean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat lagun daude ikerketapean. 

Urola Kostako Ertzain etxeen mugapean dauden herrietan zaintza lanak egin dituzten Ertzainen patruilek atzeman dituzte plantazioak. Irailaren 14an, Azpeitiko baserri batean aurkitu zuten Urola Kostako lehen plantazioa, eta bi arduradun jarri zituen ikerketapean Ertzaintzak. Aste horretan bertan, ordea, antzeko beste lau plantazio aurkitu zituen Azkoitian, Errezilen eta Aian. Plantazio horiek tarteko, gainera, sei pertsona jarri dituzte epailearen aurrean.

Aste honetan, berriz, Zarauzko lursail batean beste marihuana plantazio bat atzeman du Ertzaintzak. Ohar bidez jakinarazi duenez, sastraka arten ezkutatutako negutegi baten barruan zegoen marihuana landatuta. Aurkitutako azken plantazioa Azkoitian desegin du Ertzaintzak, eta adierazi duenez hiru pertsona daude ikerketapean.

Operatibo horietan mota askotako marihuana landare ugari konfiskatu dituela jakinarazi du Ertzaintzak, eta plantazioen arduradun gisa identifikatu dituzten 11 pertsonei osasun publikoaren aurkako ustezko delitua leporatu diete. Guztiak ikerketapean geratu dira, eta Ertzaintzaren arabera, dagokion epaitegira bidali ditu eginbideak.