Azpeitian ere Moriako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egingo du Zaporeakek bihar

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 25a, 09:04
Zaporeak elkarteko kideak janari bilketa batean. (Zaporeak)

Herriko lau saltokitan egingo dute Moriako kanpalekuetako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa. Hain zuzen, Elikagunean, Sanjuandegiko nahiz Juan XXIII-eko Eroskin eta BMn jasoko dituzte elikagaiak 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Larrialdi egoerari, tamainako erantzuna lelo hartuta, "janari bilketa erraldoia" antolatu du Zaporeak elkarteak Euskal Herri osoan zehar, Greziako Lesbos uharteko Moriako kanpalekuetako errefuxiatuei laguntzeko. Azpeitian ere egingo dute janari bilketa, eta bihar jarriko dituzte elikagaiak biltzeko postuak herriko lau saltokitan. Hain zuzen, Elikagunean, Sanjuandegiko nahiz Juan XXIII-eko Eroskin eta eta BMn egingo dute janari bilketa 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Zaporeakek honako elikagai hauek bilduko ditu: 

• Arroz luzea
• Garbantzuak
• Dilistak
• Babarrunak
• Makarroiak
• Atuna eta sardinak latan
• Oliba olioa
• Espeziak (kuminoa, currya, piperbeltza eta piperbeltz zuria)
• Esne hautsa
• Barra energetikoak

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, janari bilketa herritar boluntarioen bidez egitea aurreikusten dute. Horretarako,  bi orduko txandak antolatuko dituzte, eta interesa duten herritarrek komunikazioa@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-15 79 82 telefonora dei dezakete 08:00etatik 15:00etara bitartean.