Bihar banatuko ditu Uztarriak Pourra'2020ren sariak

Uztarria.eus 2020ko ira. 23a, 08:37

19:00etan izango da sari banaketa, Uztarriaren egoitzaren atarian, Soreasuko Dinamoa sormen gunearen sarrera aurrean.

Joan den igandean bukatu zen aurtengo Frantziako Tourra, eta harekin batera, baita Uztarriaren Pourra'2020 ere (hemen, Pourraren bukaerako albistea).

Hogeigarren edizioa bete du aurten Pourrak. Aurreko edizio guztietan, saninazioetan banatu izan ditu Uztarriak Pourraren sariak; aspaldiko urteetan, festetako tonbolan eman izan ditu sariok, San Inazio bezperan. Aurten, ordea, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ez da saninaziorik ospatu, Uztarriak ez du tonbolarik jarri, eta Tourra bera ere uztaileko ohiko egunetatik irailera atzeratu dute.

Beraz, sari banaketaren data ez ezik, tokia ere aldatu egin du Uztarriak; bihar, osteguna, 19:00etan hasita banatuko ditu Pourra'2020ren sariak; Uztarriaren egoitzaren atarian izango da ekitaldia, Soreasuko Dinamoa sormen gunearen sarrera aurrean.