Herrian ikastaroren bat eman nahi dutenek proposamenak aurkezteko epea ireki du udalak

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 22a, 18:14

Urriaren 2an bukatuko da 2020-2021 ikasturterako proposamenak aurkezteko epea. Interesa dutenek, udalaren eskaera orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko dute, proposamena berria bada.

2020-2021 ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenek beren proposamenak aurkezteko epea zabaldu du udalak. Proposamenak urriaren 2rako, hurrengo asteko ostiralerako, aurkeztu behar dira, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Udalaren eskaera orria beteta eta ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek; iazko ikasturtean ikastaroren bat eman zutenek, aldiz, ez dute halako txostenik aurkeztu behar, beren proposamenean aldaketarik ez badago behintzat.

Ikastaroaren helburuak, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela ziurtatzen duen dokumentazioa jaso beharko dute txostenean proposamena aurkezten dutenek. Aurreko ikastaroan ikastaroren bat eskaini zutenek, aldiz, eskaera orria beteta nahikoa izango dute. Proposamen guztiak jasota, udalak proiektuen balorazioa egingo du. Aukeraketa fasean sartzeko baldintzak honako hauek izango dira: eskaera egiten duenak lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazioa edota lan esperientzia izatea, zerbitzu hori herrian beste inon ez eskaintzea, eta udaleko sailen baten helburuekin bat egitea.

Proiektuak aukeratutakoan, udala arduratuko da ikastaroen publizitatea egiteaz, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala ere udalak utziko dio ikastaroa eman behar duenari. Deialdi honen gainean informazio gehiago nahi dutenek 943-15 79 28 telefonora dei dezakete.