Juaristi eta Azkoitia-Azpeitia ISB taldeek Euskal Kopako partidak jokatuko dituzte asteburuan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 22a, 18:44
Pino klubeko ordezkari izandakoa omenduko dute Azpeitian.

Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Euskal Kopako finala, zapatuan. Azkoitia-Azpeitia ISBk, bestalde, LF2 mailako Euskal Kopako finalaurrekoa jokatuko du, Barakaldon.

Datorren asteburuan, Juaristi eta Azkoitia-Azpeitia ISB taldeek Euskal Kopako partidak jokatuko dituzte. Juaristi ISBk Euskal Kopako finala jokatuko du Zornotzaren aurka, Azpeitiko kiroldegian. 17:30ean hasiko da neurketa, eta aspaldiko partez zaleen babesa izango du taldeak. ISBk sare sozialetan jakinarazi duenez, gainera, larunbateko partidan ekainean zendu zen Juan Jose Arakistain Pino taldeko ordezkaria zena omenduko dute, "sorpresatxo batekin".

Osasun egoerak bere horretan irauten duen bitartean, ordea, ISBk hainbat protokolo arau bete beharko ditu, eta neurri horietako bat da kantxako edukierarena. 500 lagunek izango dute Zornotzaren aurkako partida kiroldegi barrutik zuzenean ikusteko aukera. Neurriak bete ahal izateko, halaber, sarrera erreserba edo online salmenta jarriko du martxan klubak, baina hori aurrerago egingo dute; izan ere, zerbitzua oraindik "guztiz prestatu gabe" dagoela adierazi du ISBk.

Saskibaloi taldeak, bestalde, martxan du bazkide kanpaina berria. ISBko bazkide txartela berritzen dutenek edota bazkide egiten direnek, bi sarrera eskuratuko dituzte doan Zornotzaren aurkako Euskal Kopa finalerako. Sarrera horiek jasotzeko, kiroldegiko leihatila irekiko du klubak asteartetik ostegunera bitartean, 19:00etatik 20:00etara. Klubeko jokalariek ere bazkideen eskaintza bera baliatu ahalko dute larunbatera begira. ISBko bazkideak ez direnek edota sarrera gehiago nahi dituzten bazkideek, aldiz, ostiralera arte itxaron beharko dute sarrerak eskuratzeko.

Azkoitia-Azpeitia ISB, Barakaldon

Azkoitia-Azpeitia ISBk, bere aldetik, Barakaldoko Lasesarren jokatuko du LF2 mailako Euskal Kopa. Lau taldek lehiatuko dute txapelketa, eta ISBk larunbatean 16:30ean jokatuko du lehen finalerdia, Oses Construcciones Ardoi talde gonbidatuaren aurka. Beste finalerdian, HGB Ausarta Barakaldo eta GDKO Ibaizabal taldeak arituko dira, 19:00etan hasita. Igandean, berriz, bi finalaurrekoetako galtzaileek hirugarren eta laugarren postuak izango dituzte jokoan, 16:30ean. LF2 mailako finala, berriz, 19:00etan hasiko da.