Koronabirusa Azpeitian

Osakidetzak hamahiru kasu positibo zenbatu ditu azken hiru egunetan Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 21a, 14:07

Azken hiru egunetan hiru, lau eta sei kasu atzeman ditu Osakidetzak, hurrenez hurren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 7.316 PCR proba egin zituzten atzo, igandea, eta %5,3ak eman zuen positibo.

Azpeitian hamahiru kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean egindako PCR probetan. Ostiralean hiru kasu zenbatu zituen, larunbatean lau, eta atzo, igandea, sei kasu detektatu zituen. Joan den astelehenetik hona, beraz, 26 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azpeitian. 

Eskualdean, bestalde, 90 kasu atzeman ditu Osasun Sailak azken hiru egunetan. Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, 22 guztira. Azkoitia da kasu gehien dituen bigarren herria hamazazpi kasurekin. Zestoan, berriz, hamasei detektatu ditu Osakidetzak, Azpeitian hamahiru, Orion hamabi, Aian sei eta Zumaian lau atzeman ditu Osakidetzak, Gainerako herrietan ez du kasurik zenbatu.

Hego Euskal Herriko egoera

Osakidetzak atzo 7.316 PCR proba egin zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan; azken hiru egunetako kopuru txikiena da hori, ostiralean eta larunbatean 9.949 eta 9.360 proba egin baitzituzten. Atzo egindako PCR probetan, 387 positibo hauteman zituen Osasun Sailak, hau da, PCR proba egin zutenen %5,3ak eman du positibo. Lurraldeka, 163 kasu agertu dira Bizkaian, 142 Gipuzkoan eta 73 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bederatzi lagunek ere eman dute positibo, ordea, PCR proban.

Atzo, igandea, 22 lagun ospitaleratu zituzten, eta horrela, egun 303 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, horietatik 57 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). R0 indizeak ere gora egin du azken egunetan, eta gaur gaurkoz 0,95ean dago. 

Nafarroan, bestalde, 2.514 PCR proba egin zituzten atzo, eta 364 kasu positibo (%14,14) hauteman zituen Nafarroako Osasun Sailak. Kopuru hori egun bakar batean orain arte atzemandako kasu positibo kopururik handiena da, gainera. Gaur gaurkoz 207 lagun daude Nafarroan ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn.