Futbola eta ikusleak itzuli dira Garmendipera

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 19a, 17:27

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak denboraldi-aurreko neurketa jokatu du gaur goizean. COVID-19aren kontrako neurri bereziekin, taldeak zein zaletuek udaberritik lehen aldiz izan dute herriko futbol zelaira bueltatzeko aukera.

Urte erdi pasatu eta gero, Garmendipen futbol partida bat jokatu da gaur. Hilabete barru, urriaren 18ko eta 19ko asteburuan, hasiko da Espainiako Hirugarren Mailako denboraldia, eta hura prestatzen dihardu Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak. Gaur, denboraldi-aurreko hirugarren neurketa jokatu dute, etxean lehiatu duten aurrenekoa, Aretxabaletako UDAren kontra. 0-1 amaitu da partida, baina emaitza ez da izan gaurko albiste nagusia.

Taldeak zein zaletuek udaberritik lehen aldiz izan dute herriko futbol zelaira bueltatzeko aukera, eta azken aldi hartan ez bezalako baldintzen pean egin behar izan dute, COVID-19 gaitzaren hedapena eragozteko neurriak beteta, hain zuzen ere. Futbolariek entrenamenduetatik-eta badakite zer pauso bete behar dituzten, baina gaur Garmendipera joan diren zaletu gehienentzat dena izan da berria. Sarreran, tenperatura hartu diete, eta eskura zituzten eskuak garbitzeko gelak, mahaitxo batean. Kantina itxita, partidak zutik ikusteko ohitura dutenek ezingo dute halakorik egin momentuz: ikusle guztiak eserita egon behar dira eta egon dira, batzuen eta besteen artean tarteak mantentzeko seinaleztatuta zeuden harmailetan. Harmaila nagusiaren beheko eserleku ilaran eseri dira, halaber, bi taldeetako ordezko jokalariak, maskarak soinean, ikusle guztiak bezala. Futbol zelaiko harmailen edukieraren %60 bete ahalko dute, gehienez, hastear den 2020-2021 denboraldian.

Beste sei lagunarteko

Denboraldi-aurrea osatzeko beste sei lagunarteko jokatzea aurreikusita dute Lagun Onakeko gizonen talde nagusikoek, baina momentuz lau dituzte lotuta.

Lau horietatik hiru etxean jokatuko dituzte: hil honen 25ean Hernaniren kontra eta 26an Tolosaren kontra jokatuko dute Garmendipen; eta urriaren 3an, berriz, Beti Gazte etorriko da Azpeitira. Urriaren 10ean itxiko du Lagun Onakek denboraldi-aurrea, Durangoren etxean.