Martxan da Hitzaren Eskolaren bigarren edizioa

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 19a, 09:14
Hitzaren Eskolako bigarren edizioaren hasierako saioa, Dinamoan. (Nora Alberdi - Kulturaz)

Arantxa Iturbek, lehen hilabeteko irakasleak, asteazkenean eman zuen lehen saioa Dinamoan. Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Iñigo Aranbarri eta Xabier Erkizia dira bigarren ikasturte honetan irakasle ariko diren besteak.

Duela urtebete, Hitzaren Eskolaren hasierarekin ireki zituen ateak Soreasuko Dinamoa sormen guneak. Aste honetan, Dinamora itzuli da Hitzaren Eskola, bere bigarren edizioko lehen saioarekin.

Hitza ardatz duten hainbat sormen adierazpide landuko dituzte ikasturte honetan, martxora bitartean, Hitzaren Eskolan izena eman duten ikasleek. Sei adierazpide eta beste horrenbeste irakasle izango dira, hain zuzen ere, edizio berrian. Arantxa Iturbe idazle eta kazetariak emango ditu lehen hilabeteko saioak. Joan den asteazkenean eman zuen lehendabizikoa eta gaur, larunbata, Dinamoan ariko da berriro; asteazken arratsaldeetan eta zapatu goizetan hartuko du Dinamoa Hitzaren Eskolak.

Iturberen atzetik, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Iñigo Aranbarri eta Xabier Erkizia izango dira datozen hilabeteetan Hitzaren Eskolako irakasleak.