Koronabirusa Azpeitian

Anbulatorioko langileek baliabide gehiago eskatu dituzte

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 18a, 18:07
Gaur eguerdian Azpeitiko anbulatorio aurrean egin duten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Azpeitiko anbulatorioko langileek eta herriko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute eguerdian, osasun sistema publikorako baliabide gehiago eskatzeko. Haien esanetan, osasun krisiak agerian utzi ditu azken urteotako murrizketen ondorioak, eta "profesionalen lan karga handitu egin da, arretaren kalitatea okertu eta itxaron zerrendak luzatu".

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, osasun langileek protestak abiatu dituzte gaur Osakidetzako lehen arretako zentroetan, koronabirusaren pandemiak larriagotu eta azaleratu duen egoera salatzeko, eta Azpeitiko anbulatorioko langileek ere elkarretaratzea egin dute eguerdian, herriko pentsiodunen babesarekin.

Sindikatu horien esanetan, azken urteetan giza baliabideetan eta bitarteko materialetan jasan dituzten murrizketek osasun sistema publikoaren "ahultze kezkagarria" ekarri dute, eta hori agerian utzi du osasun krisiak, "profesionalen lan karga handitu, arretaren kalitatea okertu eta itxaron zerrendak luzatu" egin direlako.

Gaurko mobilizazioekin, sei eskaera zehatz egin dizkiete Osasun Sailari eta Osakidetzari: osasun publikoaren aurrekontua Europako Batasuneko batezbestekora parekatzeko, eta aurrekontu horren %25 lehen arretara bideratzeko; langile kopurua handitzeko; behin-behineko langileak egonkortzeko; murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzeko; esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzeako —enplegua mantenduta—; eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzeko.