Koronabirusa Azpeitian

PCR probetan beste bost kasu positibo hauteman dituzte Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 18a, 14:15

Urola Kostako herrietan guztira 43 positibo berri zenbatu zituen atzo Osakidetzak. 9.166 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan , eta 519 positiboren berri eman dute.

Koronabirusa atzemateko PCR probetan bost positibo berri agertu ziren atzo Azpeitian, bezperako kopuru bera errepikatuz.

Eskualdeari dagokionez, aste honetako positibo kopururik handiena batu zuten atzo Urola Kostako herriek. Guztira, eskualdean 43 positibo berri zenbatu zituen Osakidetzak: hamalau Azkoitian, 11 Zarautzen, bosna Azpeitian, Orion eta Zestoan, bi Aian, eta bat Zumaian.

Atzo, 9.166 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bezperan baino ia bi mila gutxiago, eta 519 kasu positibo zenbatu zituzten guztira hiru lurraldeetan, 85 Araban, 232 Bizkaian eta 190 Gipuzkoan. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi lagunek ere positibo eman zuten PCR probetan. Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo beste 36 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horrek jot Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, 53 gaixo zeuden atzo, herenegun baino bi gutxiago. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,89koa da hiru lurraldeen datuak batuta.

Nafarroan, hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 553 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.854 PCR proba egin dituzte eta 274 kasu positibo berri zenbatu dituzte; beraz, egindako probetatik %9,6k eman dute positibo. Azken orduetan 20 lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn ez dute gaixo berririk sartu.