Urrestillako bidegorria bisitatu dute aldundiko eta udaleko ordezkariek

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 18a, 14:49
IƱaki Prego, Nagore Alkorta, Rafaela Romero eta Aitor Bereziartua, Urrestillako bidegorrian.

Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria bisitatu dute gaur Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Bidegorria zabalik dago iaztik, baina lanak guztiz amaitzeko, bidegorria herri barruko sarearekin lotzeko obrak egingo ditu udalak; gaur bertan sinatu dute horretarako obra kontratua.

Iazko urtearen amaieratik erabilgarri dago Azpeitia eta Urrestilla lotzen dituen bidegorria, baina 2020koa ezohiko urtea izaten ari denez, ez dute bidea ofizialki inauguratu. Gaur, baina, inaugurazio itxura hartu duen bisita egin dute bidegorrira Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Haiekin batera izan dira Urrestillan Aitor Bereziartua Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia eta Iñaki Prego Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako zuzendaria.

Urte luzez herritarrek egindako eskariari erantzunez eraiki zuten bidegorria, faseka. Lehen fasean, 2018an, Atxubiagako biribilgunea eta Landetako okindegi zaharraren arteko bidegorriaren zatia egin zuen Azpeitiko Udalak; ondoren, iaz, bigarren fasea eraiki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak –Atxubiaga eta Urrestilla artekoa–. Bide berriak 1.550 metroko luzera eta hiru metroko zabalera ditu, eta oinezkoek nahiz txirrindulariek erabil dezakete. 1.108.000 eurokoa izan da inbertsioa guztira; aldundiak ordaindu du %75 eta Azpeitiko Udalak gainerakoa. Aldundiak kudeatzen duen Gipuzkoako Bidegorrien Sarean txertatu dute Azpeitia eta Urrestilla artekoa.

Dena dela, lanak guztiz amaitzeko, bidegorria herri barruko sarearekin lotzeko obrak egingo ditu udalak. Alkortak aurreratu duenez, gaur bertan sinatu dute obra kontratua eta urrian hasiko dituzte lanak; urtea bukatzerako obrak amaituta izango direla aurreikusten dute.

Elkarlanaren emaitza

Alkortak azpimarratu du Azpeitia eta Urrestilla lotzen dituen bidegorria herriko bidegorri sarea osatzeko pauso garrantzitsua izan dela. "Bidegorri honek herritar askoren mugikortasun ohiturak aldatzea ekarri du. Bidegorria bukatu zenetik, herritar asko eta asko ibili ohi dira bi guneen artean oinez zein bizikletaz, eta herritarren paseorako gune natural bilakatu da bidegorria hilabete gutxian. Bizi dugun egoera berezi honetan, gainera, espazio berdeen eta paseorako guneen beharrari erantzuteko azpiegitura bilakatu da”.

Romerok azpimarratu du "egungo testuinguru berezi honetan, bizikletaren erabilera segurua eta jasangarria bultzatu" behar direla, eta horretarako balioko duela Urrestillako bidegorriak. Haren esanetan, 2019an sei milioi erabiltzaile baino gehiago izan zituzten Gipuzkoako bidegorriek, eta azken hilabeteotan, %56 egin du gora erabilerak. Gaur-gaurkoz, 353 kilometro ditu Gipuzkoako Bidegorri Sareak.

Alkortak eta Romerok, biek, udalaren eta aldundiaren arteko elkarlanak proiektua gauzatzeko bidean izan duen garrantzia nabarmendu dute. "Horrelako proiektuek bat egiten dute herritarren beharrekin eta mugikortasun iraunkorraren alde egiten dugun apustu estrategikoarekin. Bidegorri honek, adibidez, lurraldean mugikortasun arduratsua bultzatzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetuko ditu", esan du diputatuak.