Euskal Pentatloi Txapelketaren finalerako sarrerak, salgai

Andoni Elduaien 2020ko ira. 17a, 10:17
Finalera sailkatutako sei kirolariak finalaurrekoa jokatu ondoren.

Sei kirolarik parte hartuko dute hilaren 26ko finalean, eta sarrerak hogei euroren truke erosi ahalko dituzte ikusleek.

Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatuko dute hilaren 26an, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Sarrera bakoitzak hogei euroko prezioa izango du, eta Azpeitian Mendizabal erretegian salduko dituzte. 

Irailaren 5ean jokatu zuten finalaurrekoan, eta orduan denborarik onenak lortutako sei kirolarik parte hartuko dute finalean: Xabier Zalduak, Julen Gabirondok, Xabier Orbegozo Arria V.ak, Kepa Peñagarikano azpeitiarrak, Iñaki Errazkinek, Julen Kañamaresek, hurrenez hurren. Ohi bezala, finala bi txandatan banatu dute; lehen txandan arituko dira Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares, eta bigarren txandan, Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a.

Hainbat proba egin beharko dute kirolariek: 100 kiloko harria 25 aldiz jaso beharko dute sorbaldara, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin beharko dituzte, aizkoran hiru kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin beharko dituzte, eta bukatzeko, lasterka hiru kilometro osatu beharko dute plazari bueltaka. Antolatzaileek azaldu dute, finalaren egunean ikusleek maskara jantzita eraman beharko dutela probak irauten duen bitartean.