Koronabirusa Azpeitian

Azken seihilekoari errepasoa

Uztarria.eus 2020ko ira. 16a, 11:22

Orain dela sei hilabete ezarri zuten COVID-19 gaitzak eragindako panoramari aurre egiteko alerta egoera. Denbora honetan ikasitakoaz eta atzean utzitakoaz hitz egin dute hainbat herritarrek Urola Kostako Hitzak gaur argitaratu duen erreportajerako. Hemen,  erreportaje horretarako ekarpenak egin dituzten azpeitiarren adierazpenak.

Martxoaren 15a. Sei hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak COVID-19 gaitzak eragindako errealitateari aurre egiteko alerta egoera ezarri zuenetik. Ordutik, asko izan dira arauak, murrizketak, ezinegonak, ohitura aldaketak eta abar. Bizitzeko eta lan egiteko moduak neurri batean edo bestean aldatu egin dira.

Azken sei hilabeteetan bizitakoaz, ikasitakoaz edota egindako hausnarketaz galdetu die Urola Kostako Hitzak arlo desberdinetan aritzen diren herritarrei. Hauek dira erreportajean parte hartu duten azpeitiarren adierazpenak:

Maite Garmendia (Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kidea): "Zer egiten ari garen aztertu eta neurriak hartu beharrean gaude"

"Azken hilabeteotan bizitzen ari garena gogorra da denontzat, eta denok ikasi dugulakoan nago. Jende asko aritu da boluntario lanean, bakarrik eta bakartuak zeudenei laguntzen. Ez dakit behar duten eskertza eman zaien. Osasungintza publiko on bat zein beharrezkoa den argi geratu da; baldintza gogorretan egin dute lan osasungintzako langile guztiek, eta hori dena ezin da txalotze hutsean gelditu. Gabeziak ere agerian geratu dira, eta denon esku dago sistema indartzea.

Kaleak hutsik eta triste ikusi ditugu, bizirik gabe. Etxe barruan garbiketan eta sukaldaritzan trebatu gara apur bat. Etxeak zenbat lan ematen duen jabetu gara.

Zaharren egoitzen ereduak ez dio behar bezala erantzun egoerari, eta horrek min handia eragin du familia askotan. Zaintza ereduak orokorrean eman digun argazkiak beltzetik gehiago du argitik baino.

Bizi garen mundu txikiari gehiegi kentzen ari gatzaizkio, errespetu gutxi diogu denona den etxeari. Bizitzen ari garen hau ez da izango azkena. Zer egiten ari garen aztertu eta neurriak hartu beharrean gaude. Bien bitartean zaindu dezagun geure burua, zaindu dezagun elkar, inor ahaztu gabe".

Aitor Sorazu (Sahatsako dantzaria eta dantza irakaslea): "Erakundeei kultur ekintzak antolatzeari ez uzteko eskatuko nieke"

"Bideokonferentzia bidez jardun ahal izateko dauden aplikazio desberdinak erabiltzeaz gain, ez nuen inoiz imajinatuko besteekin harremanak ordenagailu baten bidez egitera hain erraz jarriko nintzenik.

Jendeak bere kultur jarduna balkoietatik adierazi zuen konfinatuta egon ginen hilabete haietan, hainbat bideo jaso genituen guztiok, besteak beste, musika, dantza eta kantua erakutsiz; jendeak badu kultur ekintzak egiteko eta azaltzeko behar hori.

Konfinamendu garaian jendeak izugarrizko irudimena duela ikusi zen; potentzial izugarria dago, eta aprobetxatu egin behar da hori. Geunden egoeran egonda ere jendeak ez dio utzi ideiak buruan bueltaka ibiltzeari.

Pasatutakoaren inguruan irakurketa egitea baino, pasatzen ari garenaz egingo nuke, honek luze joko duen itxura baitu. Osasun krisia bat-batean etorri zaigu eta korrika eta presaka moldatu behar izan dugu; epe motzeko kontua izango zela uste genuena erabat luzatu da.

Kultur taldeek beren ekintzak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta talde bakoitzaren egoera desberdina dela iruditzen zait. Okerren pasatzen ari direnak era profesionalean edo erdiprofesionalean jarduten dutenak dira; hori horrela izanik, erakundeei kultur ekintza desberdinak programatzeari ez uzteko eskatuko nieke. Gainontzeko taldeok egingo dugu aurrera; pentsatuta genituen ekintzak egiteko denbora epea luzatu egingo da, baina egingo ditugu.

Jendeak hartuta zuen kultur ekintzetara joateko ohitura konfinamenduaren aurretik, eta espero dut orain ohitura horri eustea eta kultura kontsumitzen jarraitzea".

Ane Arenas (gazte hezitzailea): "Gizarte indibidualista baten gabeziak agerian gelditu dira"

"Martxotik hona bitartean irakurketa asko egitera eraman nau egoera berriak, eta surrealismo kutsu handi batekin begiratzen diot oraindik ere errealitateari. Sendotasun, koherentzia eta informazio faltak heldulekuak kendu dizkigula iruditzen zait, eta gure erosotasun egoeratik atera behar izan gara nahitaezean. Horren aurrean, noraezak, amorruak eta haserreak izugarrizko lekua hartu dute jendartean, eta etengabe erreparatzen ari naiz hau guztia giza harremanetan eragiten ari den galerari. Ondo eraiki dugun gizarte indibidualista baten gabezia guztiak agerian gelditu dira.

Sei hilabete hauetan ikasi dudana da etorkizunari beste era batera begiratzen, inguruan ditudan babesguneen garrantziaz ohartzen, gure zoriontasuna nola materializatzen dugun hausnartzen, ingurumena miresten eta gauza sinpleenetan atentzioa jartzen. Aukera aparta izan da emozioen kudeaketaz asko ikasteko ere".

Aitor Zinkunegi (ingeniari tekniko komertziala eta boluntario taldeko kidea): "Datorkigunaren aurrerapen bat bizi dugulakoan nago"

"Uste dut, teknologia berrien eraginez, aldaketa garrantzitsuak bizitzen ari garela azken urteetan, eta pandemiak aldaketa horiek azkartu dituela nolabait. Era berean, datorkigunaren aurrerapen bat ere bizi dugulakoan nago. Berriz ere sektorerik zaurgarrienak izan dira gehien kolpatuak: adinekoak, migranteak, presoak, umeak… eta nire ustez, hor jarri behar genuke fokua aurrerantzean. Herri bezala, berriz, komunitate saretua garela iruditzen zait, baina sakoneko aldaketa sozialak garatzeko, asko dugu oraindik egiteko.

Sei hilabete hauek nahiko egoera lasaian bizi izan ditut, eta alde horretatik, pribilegiatua sentitu naiz. Horrek guztiak perspektiba hartzeko aukera ere eman didanez, ikasteko baino, hausnarketarako baliatu ditut. Zentzu horretan, Albert Camus-en La peste liburua gomendatuko nuke, hartzen ari garen jarrera batzuk ulertzen laguntzeko. Bestalde, Irati Zubiaren Egia-ostea ziurgabetasun garaian hitzaldia oso ona iruditu zitzaidan. Egiaren eta zientziaren arteko harremana birpentsatu beharraz aritu zen, eta gaur egun, mahai gainean dugun eztabaida interesgarrienetakoa dela esango nuke".

Olatz Aguado (artista): "Denboraren diztantzia beharko dut, zerbait ikasi badut ere, horretaz jabetzeko"

"Ikaragarria da ikusten ez denari diogun beldurra, eta medioek duten eragina, gureak bakarrik hiltzen uzteko, gu etxean preso sartu eta ahoa estaltzeko.

Denboraren diztantzia beharko dut, zerbait ikasi badut ere, horretaz jabetzeko. Baina zerbait positiboa-edo esatekotan, esango nuke Matrix egoera honek berdindu egin gaituela, beldurra denona delako eta miseriak etxean ezkutatu ditugulako".