Elkarrizketa

Miren Arregi: "Hobe dugu egun batez greba egin, berriz denok etxeratu baino"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 15a, 09:23

Heziketa bereziko irakasle gisa liberatuta laugarren urtea du Miren Arregik (Azpeitia, 1988) Steilas hezkuntzako sindikatuan. Ikastetxeetan segurtasuna bermatzeko baliabideak falta direla azpimarratu du.

Zergatik jo duzue gaur grebara sindikatuok?

Gure helburua da aurrez aurreko hezkuntza bermatzea. Baliabideak jartzea beharrezkoa da, martxoan ikastetxeak eta haur eskolak itxi zirenean eta gaur baliabide berak daudelako, eta hori onartezina dela uste dugu. Hezkuntza Sailak ahalik eta berme gehienak jarri behar ditu bai haur eskoletan, bai ikastetxeetan, horiek irekita mantentzeko. Hori ez egiteak ikastetxe eta haur eskola guztien itxiera ekarriko du, eta berriz ere kolektibo zaurgarrienek galduko dute gehien itxiera horretan. Horregatik, guk eskatzen duguna da giza baliabideak eta baliabide materialak lehenbailehen ikastetxeetan egotea. Langileentzat itzulera segurua ez bada, ikasleentzat ere ez da izango.

Grebaren testuingurua martxotik gaur artekoa da, ala lehenagotik datoz eskaerak eta desadostasunak?

2009tik murrizketa batzuk egin zituzten, eta urteek aurrera egin ahala, hainbat negoziazioren ondorioz, 2018an bi aurreakordio sinatu ziren Hezkuntza Sailarekin: bat heziketa bereziko sektorean eta bestea irakasleen sektorean. Bi sektore horien abiapuntua oso desberdina zen, hezkuntza berezian kaskarragoa zen egoera, eta oinarrizko zenbait gauza oraindik zehaztu gabe zeuden; hezitzaileen lanaldia, esaterako. Aipatu behar da gaur egun heziketa bereziko sektorean sinatu zen aurreakordioa ia bere osotasunean betetzen dela. OPE deialdi bat dago egiteke, baina jasota zeuden ia puntu denak bere osotasunean betetzen dira.

Eta irakasleen kasuan?

Irakasleen kasuan ez da horrela izan. Aurreakordioan sinatutako eduki gehienak bete gabe daude. Hala ere, aurreakordio horiek sinatzerakoan, Hezkuntza Sailak argi utzi zigun abiapuntua aurreakordio horiek zirela, eta negoziatzen jarraituko genuela. Zoritxarrez, baina, ez da horrela izan. 2018tik ez da eduki berririk jarri mahai gainean negoziatzeko, eta gainera, murrizketak egon dira. Beraz, egoera nahiko prekarioa dela esan behar dugu. Infrafinantzatuta gaudela esan behar dugu, eta eskola publikoa bereziki, umezurtz utzi du gobernuak azken urteetan. Martxotik hona, gainera, ez da inolako elkarrizketarik egon Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen artean, nahiz eta guk hainbat bilera eskatu. Erabaki guztiak aldebakarrez hartu dira, sindikatuekin eta hezkuntza komunitatearekin ezer hitz egin eta negoziatu gabe.

Zer balorazio egiten duzue martxotik gaur arteko lan baldintzez nahiz langileen egoera fisiko-psikologikoaz?

Martxoko itxialdiarekin, egun batetik bestera, haur eskoletako eta ikastetxeetako ikasle eta langile guztiek etxean geratu behar izan zuten, eta etxean zituzten baliabideekin malabareak egiten hasi behar izan zuten, bai langileek, bai ikasleek. Horren ondorioz, langile askok estres maila altua izan zuten, eta kasu askotan 24 orduko arreta ematen ibili ziren. Egun batetik bestera, etxeko baliabideekin prestatu behar izan zituzten eskolak, eta ahalik eta arreta kalitatezkoena ematen saiatu ziren haurrei eta ikasleei. Ikasleek ere oso egoera gogorrak eta latzak pasatu behar izan dituzte, itxialdiak arrakala teknologikoa, arrakala soziala eta euskararekiko arrakala areagotu dituelako, eta zenbait ikasle, egoera txarrenetan, galduta egon dira. Bereziki aipatu nahi dugu zuzendaritzek egin duten lana, bai konfinatuta egon garenean, bai udan, eskola itzulera seguru eta antolatu baten alde, hori diseinatzen eta planifikatzen aritu direlako. Zuzendaritza taldeak, irakasleak eta langileak aritu dira horretan.

(Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean)