Indar polizialek pankartak kendu izana salatu dute hainbat eragilek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ikasle Abertzaleak 2020ko ira. 14a, 20:56

Azken asteetan indar polizialek hainbat pankarta kendu dituztela salatu dute hainbat eragilek. Esaterako, bihar egitekoak diren grebara deitzeko pankartak kendu dituztela gaitzetsi dute, eta askatasun politikoen aldeko aldarria egin dute. 

Ohar honen bidez, gogor salatu nahi dugu Azpeitian bizi dugun presentzia poliziala nahiz indar polizialen eskutik jasaten ditugun askatasun politikoen urraketa sistematikoak.

Mugitzeko, elkartzeko, jardun politikorako eta protestarako eskubideak kendu zizkiguten lehenik; eta orain, adierazpen askatasunaren aurkako eraso iraunkorra bizi dugu indar polizialen partetik. Esaterako, azken asteotan Azpeitiko Ikasle Abertzaleok biharko grebarako egin dugun deialdia iragartzen zuten kartel zein pankarta oro ezabatzen aritu dira inpunitate osoz, argitara irten den bideo batek erakusten duen moduan. Halaber, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistaren nahiz Urola Erdiko GKS-ren pankartak kendu izana gogor gaitzesten dugu. 

Irmoki salatzen dugu pandemiaren aitzakipean ezarri diguten estatu poliziala eta erabaki honen izaera politiko errepresiboa. Bestalde, kezkaz bizi dugu udaltzainak ertzaintzarekin egiten hasi diren patruila bateratuekin hartzen ari diren joera autoritarista. Etengabeko probokazio hauekin lehenbailehen buka dezaten exijitzen diegu bestaldera begira dauden euren arduradun politikoei.

Aski da!

Azpeitiko Ikasle Abertzaleak

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista

Urola Erdiko GKS