Hezkuntza grebaren jarraipena desberdina izango da Azpeitiko ikastetxeetan

Anartz Izagirre 2020ko ira. 14a, 18:36

Iraurgi Ikastetxean eta Uztaro eta Urrestillako haur eskoletan ez dute grebarik egingo bihar; aldiz, Ikasberrin, Karmelo Etxegarain eta Urolan bai, baina horietako bakoitzean jarraipen desberdina izango du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetan greba deitu dute biharko ELA, LAB, Steilas CCOO eta UGT sindikatuek. Era berean, hezkuntza arloko azpikontratek —jantokia, garraioa, garbiketa...— ere bat egin dute deialdiarekin, eta ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Herriko ikastetxeetan desberdina izango da grebak izango duen eragina, baita greba egingo duten langileen ehunekoa ere.

Alde batetik, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ia erabatekoa izango da grebaren jarraipena, ikastolako kideen arabera langileen %95ak egingo baitu planto. Hala eta guztiz ere, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte hala eskatu dutenenentzat.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, berriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako klaustrokideen %48ak egingo du greba. Hori dela eta, hainbat mailatako tutoreak ez dira zentroan izango; hala ere, garraio eta jangela zerbitzua nahiz zaintza zerbitzua mantendu egingo dituzte. Bestalde, Urola Ikastola BHIn klaseak "ahal den neurrian normaltasunez" eskainiko dituztela adierazi dute, nahiz eta irakasle batzuek greba egingo duten. Joan zen ostiralean egin zuten zentro horretan bozketa, baina ez zen quorumik osatu.

Iraurgi Ikastetxean, berriz, ez dute hezkuntza grebarekin bat egingo, eta klaseak normaltasunez eskainiko dituzte.

Uztaro eta Urrestillako haur eskoletan ere ez dute grebarik egingo.