Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo atzeman dituzte Azpeitian ostiraletik igandera

Andoni Elduaien 2020ko ira. 14a, 13:39

Gaur eman du Osakidetzak aurreko hiru egunetan egin dituzten PCR probetan herriz herri zenbatutako kasuen berri. Ostiralean ez zen positiborik izan herrian; zapatuan, bi; eta atzo, bakarra. Urola Kostan, guztira 35 kasu positibo zenbatu dituzte asteburuan.

Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera aurreko hiru egunetan, ostiralerik igandera, koronabirusa atzemateko egin dituzten PCR proben herriz herriko emaitzak. Azpeitian hiru positibo atzeman dituzte, bi zapatuan, eta bat atzo; ostiralean, berriz, ez zen positiborik izan herrian. Horrela, ostegunean zenbatu eta ostiralean zabaldutako kopuruak batuta, azken lau egunetan denera hamabi positibo hauteman dituzte Azpeitian.

Eskualdean, guztira, 35 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak aurreko hiru egunetan. Apeitiko hiru kasuez gain, Zarautzen hamahiru detektatu dituzte, Azkoitian 11, bost Orion, bi Aian eta bat Zumaian. Gainerako herrietan ez du kasu positibo berririk zenbatu Osakidetzak.

Atzo, igandea, guztira 5.990 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 290 lagunek eman zuten positibo; hiru hurraldeetatik kanpo bizi diren zortzi lagunek ere positibo eman dute. Azpimarratzekoa da positibo kopuruen zenbatekoak behera egin duele, izan ere, ostiralean eta zapatuan 669 eta 514 lagunek eman zuten, hurrenez hurren. Egindako PCR kopuruak ere behera egin du, ordea, azken egunetan. Ostiralean, 9.976 PCR egin zituen Osakidetzak, eta zapatuan, 7.626.

Ospitaleratzeei dagokionez, atzo 25 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan; azken egunetako zifrarik baxuena da hori. Gaur egun 269 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 63 daude egoerarik okerrenean ZIUn. R0 indizeak ere beheranzko joeran jarraitzen du; 0,90ean dago kokatuta gaur-gaurkoz.

Nafarroan, bestalde, 283 kasu berri gehiago zenbatu zituzten atzo. 1.771 PCR proba egin zituzten, hau da, proba egindakoen %15,7ak eman zuen positibo. Zortzi lagun ospitaleratu zituzten atzoko egunean, horietako bat ZIUn; egun 135 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan. Guztira zortzi gaixo daude ZIUn, eta hemeretzi etxean daude ospitaleekin harremanetan. Era berean, pertsona bat hil zen COVID-19 gaixotasunari lotuta; guztira 547 lagun hil dira Nafarroan.