Liburutegitik etxeraino, behar dutenentzat

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 12a, 10:00

Udaberriko konfinamendu garaian ematen hasi zen zerbitzua berpiztu, eta koronabirusaren eraginez koarentenan egon behar duten herritarrei liburuak, DVDak, CDak edota aldizkariak etxeraino eramaten hasiko da berriro Udal Liburutegia. Udaberriko esperientzia "oso polita" izan zela diote liburutegiko langileek, erabiltzaileek erakutsitako esker onarekin hunkituta.

Egunerokoaren etena ekarri zuen, oro har, SARS-CoV-2 birusaren hedapenari aurre egiteko udaberrian ezarri zuten konfinamenduak. Gainerako udal zerbitzu guztiak bezala, Udal Liburutegiak ere ateak itxi behar izan zituen martxo erdi aldean, eta ateak itxita jarraitu behar izan zuen ekainaren 1era arte. Egun horretan hasi ziren berriro jendea liburutegian hartzen, maileguak eskatzeko besterik ez izan arren.

Martxotik ekain hasiera arteko tarte horretan, ordea, aurkitu zuten liburutegian herritarrei nolabait zerbitzua ematen jarraitzeko bidea. Apiril erdi aldean, liburutegia itxi eta hilabetera, telefono bidezko arreta ematen hasi ziren. Hor jabetu ziren etxean egotera derrigortutako herritar askoren liburu goseaz eta irakurketa egarriaz Maider Egiguren, Eva Lopetegi eta Beatriz Aranbarri liburutegiko langileei. Honela azaldu du Lopetegik: "Aste Santura arte barruan jarraitu genuen lanean. Baina konturatu ginen derrigorrezko konfinamendu horretan zela gure zerbitzua inoiz baino beharrezkoagoa, orduan ari zela jendea telefonoz deika, etxean zituzten liburu denak ari zirela irakurtzen, seme-alabenak, ganbaran jasota zituztenak jaisten... Eskaera bazegoela konturatu ginen eta gure zerbitzuaren beharra bazegoela".

Behar horri erantzutea erabakita, liburuak etxez etxe banatzea erraztuko zuen proiektua landu eta udalari aurkeztu zioten Udal Liburutegiko langileek. Horrela hasi zen gorpuzten Liburuak Etxera zerbitzua. Azpeitikoa izan zen, hain zuzen ere, gerora beste liburutegi askok jarraitu duten bidea urratu zuen aurrenetetako bat.

600 liburu hiru astetan

Apirilaren 27an jarri zuten martxan liburutegiaren edukiak herritarren etxeetara eramatea posible egin zuen zerbitzua. "Guk lehenagotik jarriko genukeen martxan, baina ezin izan zen", dio Egigurenek. Izan ere, zerbitzua abian jarri eta hilabete baino lehen hasi zen konfinamendua arintzeko prozesua, eta nabarmen antzeman zuten hori liburutegian: jendea kalera irteteko aukerak baliatzen hastearekin bat hasi ziren jaisten liburuak eta bestelako materiala etxean jasotzeko eskaerak.

Hala ere, ez zen makala izan Liburuak Etxera zerbitzuak jasotako harrera: apirilaren 27tik maiatzaren 16a bitartean, 600 bat liburu banatu zituzten etxez etxe. "Hortik aurrera ere jarraitu genuen banatzen, baina askoz gutxiago", diote liburutegikoek. Eta irribarrea pizten zaie erabiltzaileen harrera beroaz eta esker onaz hitz egiten hasitakoan. "Jendeak asko eskertu du zerbitzua, esker ona adierazi digute behin eta berriro", dio Lopetegik. "Oraindik ere etortzen zaigu jendea konfinamendu garaiko zerbitzua eskertzera", gaineratu du Egigurenek; eta bien artean aipatu dituzte aste honetan bertan herritar batek liburutegira eraman dizkien pastak edota beste batek eskuz egin dizkien galtzerdiak. "Mezu oso politak ere bidali dizkigute", borobildu du Lopetegik, jendearen esker onak langileei eragin dien poza eta bueltako esker ona adierazteko.

Lan pixka bat eman zien, izan ere, etxerako zerbitzua txukun eskaini ahal izateak, eta horrek ere areagotzen du emaitza ona izatearen satisfazioa. "Kate-lana" egin zuten liburutegian liburuak eta bestelako edukiak etxeetara helarazteko: "Ni nintzen etxeetara joaten zena, baina talde lana izan da guztiz", nabarmendu du Egigurenek; izan ere, bere bizikleta erabiliz ibili zen asteetan hara eta hona, eskaerak etxeetara eramanez. Telefonoz, Whatsappez edo e-postaz iristen zitzaizkien eskaerak ziren kate-lanaren lehen katebegia; batzuek "eskaera zehatzak" egiten zituzten, izenburu jakinak eskatzen zizkieten; beste batzuek, berriz, zer irakurgai mota gustuko zuten edota zenbat liburu nahi zituzten esaten zieten, eta liburuzainen esku uzten zuten aukeraketa. Eskaerak eskuetan, horietako bakoitzerako liburuak edo bestelako edukiak prestatzea izaten zen liburutegikoen hurrengo lana. Kate-lanaren zati horretan "liburuak ondo desinfektatzea" izaten zuten lehen eginkizuna, "Eskaera bakoitzeko liburu sortak film paperarekin biltzen genituen, atzera sortak banan-banan desinfektatzen genituen, eta Maiderren bizikleta ere bai. Herria lau gunetan banatu genuen, banaketa antolatzeko, eta zeuden eskaeren arabera egiten zuen banaketaren ibilbidea Maiderrek. Buruz ikasi ditu denak!", kontatu du Lopetegik.

Maileguen itzulketari dagokionez, konfinamendua zela-eta epeak asko luzatu eta malgutu bazituzten ere, liburutegi atarian dagoen buzoia "beti egon da irekita" liburuak-eta han uzteko. Eta erabiltzaileek itzuli ahala, liburuak, DVDak, CDak edota aldizkariak, guztiak koarentenan jartzen zituzten eta dituzte, oraindik mantentzen baitituzte segurtasun neurriak. Konfinamendu garaian, hamabost egunez izaten zituzten liburuak-eta koarentenan -gaur egun txikiagoa da egun kopurua-, berriro mailegatzeko erabilgarri ez zirela, beraz. Alarma egoeraren sasoian liburutegien arteko maileguak ere etenda gelditu ziren, eta Azpeitiko liburutegiko uneko katalogoan zeuden edukiak bakarrik eska zitzaketeen erabiltzaileek.

Konfinatu berrien beharrak asetzeko

Liburuak Etxera zerbitzua ez dute inoiz eten, bere horretan; zerbitzuaren eskaera izan zen pixkanaka agortzen joan zena, liburuzainek azaldu dutenez. Baina ikasturte berriarekin batera, zerbitzu horrek zentzu osoa izaten jarraitzen duela konturatu dira. Gutxi-asko, koronabirusaren kasu positiboek ez dute etenik; eta positibo bakar batek ekartzen du, ia beti, positibo eman duen pertsona horrek ez ezik bere inguruko beste hainbatek ere hainbat egunez konfinatu beharra izatea.

Abuztuko lehen hamabostaldian itxita egon zen liburutegia, urtero legez, oporrengatik. Eta berriro irekitzekotan zegoela, birusaren kutsatze fokua piztu zen herrian. Horrek atzeratu zuen irekiera, eta horrekin hasi ziren liburutegian etxez etxeko zerbitzuari bultzada berria ematearekin pentsatzen. Irail hasieran, etxean egonaldia egitera behartuta zegoen erabiltzaile batek deitu zien zerbitzua eskatuz, eta aste honetan bertan zabaldu dute deialdia: koronabirusa dela-eta etxetik irten ezinda egotea tokatzen zaien herritarrek eska dezakete dagoeneko liburutegian maileguan eskatutako materiala etxean jasotzea, baita "beldurragatik-eta" etxetik irteten ez direnek ere.

Udaberrian ezarritako berberak dira liburuak edo bestelako edukiak etxean jaso nahi dituztenek jarraitu beharreko pausoak: 943-15 71 95 telefonora deitu, 688 815 506 zenbakira Whatsappez mezua bidali edo liburutegikoharrera@azpeitia.eus helbidera idatzi, eskaera egin, eta etxera eramango dizkiete.