Giro lasaian joan dira Stock Azokaren lehen orduak

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 11a, 20:21

Bihar 10:00etatik 20:00etara jarriko dituzte berriro saltokiak, Azoka Plazan batzuk eta saltokien atarietan besteak; guztira, 37 dira Bertan merkatarien elkarteak antolatutako egitasmoan parte hartzen ari diren herriko saltokiak.

Hasi da Bertan merkatarien elkarteak antolatutako Stock Azoka. 16:00etan ireki dituzte postuak eta giro lasaian joan dira aurtengo azokaren lehen orduak, 19:00ak aldera mugimendu gehiago sumatu zitekeen arren.

Guztira 37 dira aurtengo Stock Azokan parte hartzen ari diren herriko saltokiak. Horietatik hamabik jarri dituzte azkenean postuak Azoka Plazan, eta gainerakoek beren dendaurretara atera dituzte produktuak.

Koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoeran ari dira egiten aurtengo azoka eta egoera horretarako egokitutako segurtasun neurriak hartu dituzte merkatariek. Horrela, Azoka Plazaren sarreran ilaratxoak ikus zitezkeen arratsaldean; izan ere, banan-banan sartu behar dira herritarrak, sarreran beren izena eta harremaneterako telefono zenbakia emanda, segurtasunagatik erosleak identifikatuta egon daitezen,, batetik eta 100 euroko hiru bonoren zozketan parte hartu dezaten, bestetik. 80 lagunetan ezarri dute gehienezko edukiera Azoka Plazan, saltzaileak kopuru horren barruan direla.

Bihar izango da Stock Azokaren bigarren eta azken jardunaldia. Goiz eta arratsaldez izango da erosketak egiteko aukera, 10:00etatik 20:00etara.