Udazkenerako antolatutako hainbat kultur ekitaldi jakinarazi ditu Kulturazek

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 11a, 17:37

Datozen asteetarako programatutako kultur emanaldiez gain, urrian eta azaroan Sanagustinen eta Soreasun izango diren beste hainbat ekitaldiren berri eman du Kulturazek. Besteak beste,  Lander Garrok aurkeztu berri duen Bi urte, lau hilabete, egun bat dokumentala, Testura eta Gorria emanaldiak, Amoranteren eta Aitor Etxeberriaren zuzenekoak, Euskal Antzerki Topaketak nahiz Izaroren eta Deñeren kontzertuak antolatu dituzte. 

Udazkena kulturaz jantzita dator beste urte batez Azpeitira. Kulturaz kooperatibak hurrengo hilabeteetarako antolatu dituen zenbait hitzorduren berri eman du gaur, eta badirudi irailean, urrian nahiz azaroan ez dela musikarik, antzerkirik eta ikus-entzunezkoen emanaldirik faltako herrian. Gainera, kanpoko artisten lanez gozatzeko aukera izateaz gain, herriko sortzaileen lanaz ere gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 

Ikus-entzunezkoei dagokienez, irailaren 20an eta 21ean Lander Garroren Bi urte, lau hilabete, egun bat dokumentala eskainiko dute Soreasu antzokian. Hilaren 25ean, 26an, 27an eta 28, aldiz, Erabaki produkzioaken Korosagasti filma izango da ikusgai. 

Film eta dokumental emanaldiez aparte, antzerkiak hartuko du Soreasu datozen hilabeteetan. Izan ere, urtero bezala, Euskal Antzerki Topaketak iritsiko dira Azpeitira. 

Kontzertuei dagokienez, honako talde hauen musikaz gozatzeko aukera izango da herrian:  Jotakie eta Immaculate Fools, Grises, Amorante eta Aitor Etxeberria, Liher eta Cobra nahiz Izaro eta Deñe. 

Hona hemen jakinarazi dituzten emanaldien datak: 

  • Irailak 19: Immaculate Fools eta Jotakie, zezen plazan. 
  • Irailak 20 eta 21: Lander Garroren Bi urte, lau hilabete, egun bat dokumentala. 
  • Irailak 25, 26, 27 eta 28: Erabaki produkzioaken Korosagasti filma. 
  • Irailak 26: Grises taldearen kontzertua. 
  • Urriak 2:  Miren Amurizaren eta Askoa Etxebarrietaren Gorria emanaldia. 
  • Urriak 14: Zinegoak zikloaren barruko laburmetraien emanaldia. 
  • Urriak 17: Liher eta Cobra taldeen kontzertua. 
  • Urriak 20: Testura proiektuaren aurkezpena. 
  • Urriak 21: Oscar Alegriaren Zumiriki dokumentala.
  • Azaroak 6: Amoranteren eta Aitor Etxeberriaren kontzertuak. 
  • Azaroak 21: Izaroren eta Deñeren kontzertuak. 

Azaroan zehar, Euskal Antzerki Topaketak. 

Aurrerago jakinaraziko ditu Kulturazek hitzorduen inguruko xehetasunak.