Jon Cuadrado: "Politagoa da herri txiki bateko apaiz izatea hiri batekoa baino"

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 10a, 12:39

Duela bi hilabete ingurutik Zestoako parrokoa da Jon Cuadrado (Azpeitia, 1988). Une honetan dituen ardurez eta orain arte bizitako esperientziaz hitz egin du.

Seminarioko ikasketak amaituta eta apaiz izendatuta, zein dira une hauetan dituzun ardurak?

Sei urtez ikasi nuen Iruñeko seminarioan. Bosgarren mailan diakono izendatzen gaituzte, eta izendapen horren pean jaunartzeak eta ezkontzak egin ditzakegu. Diakono izatetik apaiz izendatu arte urtebeteko tartea dago. Beraz, bosgarren maila amaitzean izendatu ninduten diakono, eta aurten, seigarren maila amaitzean, apaiz izendatu naute. Apaiz ordenatzean, Elizak kargu bat ematen digu. Niri Zestoako, Aizarnako eta Arroa Goiko parroko izatea egokitu zait. Leku horietan ez ezik, Lasaon, Iraetan eta Arroa Behean ere arituko naiz lanean. Horrez gain, Zumaia aldera joango naiz laguntzera. Zumaiako apaiz etxean biziko naiz, eta nahiz eta han ez dudan mezarik emango, hango parrokoari lagunduko diot.

"Gure eginbeharra da herrietako jendearekin harremana izatea, haiekin hitz egitea nahiz haiek entzutea; beraiekin bidea egitea, beraiekin egon bitartean"

Noiz izendatu zintuzten parroko?

Ordenazioa ekainaren 28an egin genuen, Donostiako Artzain Onaren parrokian. Hiru lagun ordenatu ginen, ni 32 urterekin, eta beste bi kideak 26 urterekin. Behin apaiz izendatuta, uztailaren 19an ordenatu ninduten Zestoako parroko, herrian bertan egindako elizkizun batean. Jose Ignacio Munilla gotzaina, Koldo Intxausti Zestoako parroko ohia, beste apaiz bat eta ni izan ginen hitzorduan. Orduan hartu nuen Koldoren lekukoa.

Zestoako parroko ohiak, Koldo Intxaustik, lagundu al dizu errelebo aldaketan?

Koldo eta biok modu bitxian ezagutu ginen. Seminariora sartu aurretik, sukaldaritza ikasi nuen, eta han ikasitakoa praktikan jartzeko eta lagunekin afariak egiteko asmoz, Arroa Beheko soziedadeko bazkide egin nintzen duela urte batzuk. Arroa Beheko soziedadea Zestoako Parrokiaren lurretan dago; hori dela eta, Zestoako parrokoari soziedadean sartzeko aukera eskaintzen zaio. Koldo elkarteko kide zen, eta han ezagutu genuen elkar. Sekulako harremana egin genuen, eta aldaketa prozesu honetan izugarrizko babesa izan da niretzat. Ziur nago aurrerantzean ere harremana mantenduko dugula. Koldo pertsona ona da, eta asko dut beragandik ikasteko. Hura Alegian [Gipuzkoa] ariko da aurrerantzean.

Zein dira zure eginkizunak gaur egun?

Gehienbat eukaristiak ospatzea eta sakramentuak egitea. Horrez gain, gure eginbeharra da herrietako jendearekin harremana izatea, haiekin hitz egitea nahiz haiek entzutea; beraiekin bidea egitea, beraiekin egon bitartean. Esango nuke gaur egun hori dela parrokia bateko eginkizunik garrantzitsuenetakoa. Jendeak behar du norbaitek bere kezkak entzutea, eta gaur egun, baten batek zu entzutea nahi izanez gero, ordaindu egin behar duzu. Psikologoak egotea beharrekoa da, baina bada jende bat zerbitzu hori ordaindu ezin duena. Gu ez gaude psikologo lana egiteko, baina bai jendearekin egoteko, entzuteko eta laguntzeko.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean