Hilaren 27ra arte zabalik jarraituko du kanpoko igerilekuak

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 10a, 10:18

Ordura bitartean, martxan izango da udalak aurtengo udan martxan jarri duen erreserba sistema. Erabiltzaile bakoitzak astean bitan joateko aukera dauka eta egonaldi bakoitzean gehienez hiru ordu egin ditzake.

Aurten, osasun krisiaren ondorioz, ohi baino beranduago zabaldu zuten estali gabeko igerilekua, uztailaren 6an, hain zuzen; eta itxi ere ohi baino beranduago egingo dute, irailaren 27an. Ordura bitartean, martxan izango da udalak aurtengo udan martxan jarri duen erreserba sistema

Ezohiko egoerak bultzatuta, kanpoko igerilekuaren erabilera unean uneko egoerara egokitzen joan behar izan du udalak. Hasiera batean, eguna bi txandatan banatu zuten eta erabiltzaile bakoitzari astean bitan joateako aukera eman zioten, 150 laguneko edukiera mugarekin. Abuztuaren erdi aldera, baina, herrian egon zen koronabirus agerraldia zela eta, egun batzuez etenda egon zen zerbitzua.

Abuztuaren 27an ireki zuten berriz, baina ordutegia Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berrietara egokituta. Orduz geroztik, herritar bakoitza gehienez astean bitan eta egonaldi bakoitzean gehienez hiru orduz egon daiteke igerilekuan. Horregatik, udalak hiru txandatan banatu zuen eguna: 11:00etatik 14:00etara, 14:15etik 17:00etara eta 17:15etik 20:00etara.