Koronabirus garaiko lehen jaunartzeak

Osasun krisiaren ondorioz maiatzean bertan behera gelditu ziren jaunartzeak egingo dituzte datozen asteetan herrian; zehazki, irailaren 13an, 20an eta 27an. Herriko parrokoarekin, bi jatetxetako arduradunekin eta jaunartze ospakizuna egitekoa diren familia batekin hitz egin du Uztarriak.  

Ohi bezala, herriko hainbat haur maiatzean ziren jaunartzea egitekoak, baina osasun krisiak eraginda, bertan behera gelditu ziren zeremonia horiek. "Orduantxe hasi ginen elizak-eta irekitzen, baina ez genuen elizkizunak prestatzeko denborarik izan", azaldu du Kepa Susperregi Azpeitiko parrokoak. Ekainean erabaki zuten jaunartzeak irailera atzeratzea, ordurako COVID-19 gaitzaren zabalkundea pixka bat baretuko zela pentsatuz, eta iritsi da hilabete hori. Zehazki, irailaren 13an, 20an eta 27an izango dira elizkizunak.

Guztira, 84 umek egingo dute jaunartzea aurten; lehen igandean 23 umek, bigarrenean 30ek eta azken igandean 31k. Susperregik adierazi duenez, azken urteetako "antzeko kopurua" da hori. "Orain dela urte batzuk baino ume gutxixeago dira, eta datorren urtean are gutxiago izango dira. Urtetik urtera, gutxitzen ari da pixkanaka jaunartzea egiten dutenen kopurua".

Egoerak hala behartuta, segurtasun neurri bereziak hartuta egingo dituzte datozen hiru igandeetako elizkizunak. Haurrek maskara jantzita egin beharko dute jaunartzea; jauna hartzen duten unean soilik kendu ahal izango dute musukoa. Gainera, jaunartzea egiten duen haur bakoitzeko zortzi lagun sartu ahal izango dira elizara. Hiru igandeetan neurri bera hartuko dute, nahiz eta jaunartzea egingo duen ume kopurua ez bera izan.

Horrez gain, familiek distantzia gorde beharko dute beren artean elizan. "Parrokiako erdiko gunean, bi bankutatik bat erabiliko dute; hau da, erdiko bankua hutsik geldituko da". Modu horretan, metro eta erdiko distantzia gordeko dute familia batetik bestera, eta senide guztiek ere maskarak jantzita joan beharko dute elizara.

Herriko jatetxeak, prest

Elizan ezohiko neurriak hartuko dituzte beraz, eta baita elizkizun osteko bazkariak egingo dituzten herriko jatetxeetan ere. Kiruri jatetxean "nahiko lasai" hasiko dute jaunartzeen denboraldia, bazkari bakarra zerbitzatuko baitute igandean, baina izango dituzte sei edo zortzi bazkari egun berean eman beharko dituzten igandeak ere. Dena dela, "lasai" daudela adierazi du Arantxa Oruezabal arduradunak, dena pentsatuta dutelako.

Haren esanetan, "haur bakoitzak, gehienera ere, 30 bat gonbidatu izaten ditu; beraz, orain indarrean dauden arauak errespetatuta, hamarna laguneko hiru mahaitan jartzea da normalena". Jangela handiak dituztenez, leku aldetik arazorik ez dutela izango ziurtatu du. Hori bai, sarreran jende pilaketarik sortu ez dadin, neurriak hartzea aurreikusita daukate. "Familia bakoitzak sarrera ordutegi bat izango du eta hori errespetatzea beharrezkoa izango da". 

Oruezabalen arabera, maiatzean bertan behera gelditutako jaunartze ospakizunik gehienak orain egingo dituzte, baina izan da datorren udaberrira arte atzeratzea erabaki duenik ere. Loiola hotelean, aldiz, maiatzean bertan behera utzi zituzten ospakizun bazkari guztiak egingo dituzte datozen asteetan, "baina modu sakabanatuagoan", Olatz Azpiazu arduradunaren arabera. "Azpeitian eta Azkoitian maiatzean izan ohi dira jaunartzeak, hilabete berean guztiak; orain, ordea, Azpeitikoak irailean izango dira, eta Azkoitikoak, urrian". Jatexeentzat horrela hobe dela uste du, errazagoa izango zaielako babes neurri guztiak behar bezala hartzea. 

Igandean jaunartze osteko hiru bazkari zerbitzatuko dituzte Loiola hotelen, eta dagoeneko "dena prest" duten arren, Azpiazuk aitortu du "ohi baino urdurixeago" badaudela, "egoera honetan ospatuko dituzten lehendabizikoak" izango direlako. Hiru familietako kideek elkarrekin harremanik izan ez dezaten hainbat neurri hartu dituztela azaldu du. "Lehen, jangela berean ospakizun bat baino gehiago egin genitzakeen batzuk alde batean eta besteak bestean jarrita, baina orain ez". Igandean bi jangelak erabiliko dituzte hiru bazkari emateko. "Jangela handian bi bazkari emango ditugu, bionboekin bereizita, beti ere kontuan izanda jangela berean ezin direla hirurogei lagun baino gehiago egon, hori baita gehienezko edukiera muga". Gainera, familia bakoitza ate banatatik sartuko dela ziurtatu du, besteekin harremanik izan ez dezan.

Hemendik aurrera, eta bereziki horrelako egunetan, antolakuntza "ezinbestekoa" izango dela iritzi dio Azpiazuk, baina uste du badagoela modua gauzak "txukun" egiteko. "Gaitzak gure artean jarrituko duela ematen du eta ikasi egin beharko dugu berarekin bizitzen". Maiatzean bertan behera geratutako ospakizunak orain egitea ontzat jo du Loiola hoteleko arduradunak, herriko jatetxeek bultzada behar dutelako. "Uda ez da batere ona izan eta ea jaurnartzeei esker udazken hobea izaten dugun".

Familiak, gogotsu

Hain zuzen ere, Loiola hotelean egingo du jaurnartze osteko bazkaria Artetxe-Aramendi sendiak, baina ez igande honetan, hurrengoan baizik, hilaren 20an. Bi seme eta hiru alaba dituzte, hirukiak azken horiek, eta horiei dagokie lehen jaunartzea egitea. Bazkariari dagozkionak nahikoa argi dituztela esan du Nagore Aramendi amak, baina elizkizunari dagokionean, badituztela zalantza batzuk. "Ekainean jakinarazi ziguten jaunartzeak irailera atzeratuko zirela, eta duela astebete bidali ziguten ohar bat elizan kontuan izan beharreko neurrien inguruan. Esan digute umeko zortzi lagunek sartu ahal izango dugula elizara; gure kasuan 24 izango ginateke berez, baina oraindik ez dakigu ziur hala izango den ala ez". Jaurnartze elizkizunaren entseguak datorren astelehen eta asteazkenean dauzkatela esan du, eta horiek baliatuko dituztela zalantzak argitzeko.

Horrenbeste denbora zain egon eta gero, eguna iristeko "gogotsu" daude Aramendi eta haren familia, baina onartu du kezka ere badutela, "egoera honetan azken unera arte ez dagoelako ezer segururik". Ezta maiatzerako prestatu zituzten arropak eta oinetakoak ongi izango dituztenik ere. "Azkenengoz abuztuan jantzi zituzten jaunartzerako soinekoak, argazkiak ateratzeko, eta maiatzean baino dezente txikiagoak zituzten ordurako", esan du Aramendik. Beraz, egunotan jantzialdi bat ematea komeni, azken ukituak eman beharra badago ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide