Udalak aho batez onartu du Esklabak-Iturzulo eta Bustinzuriko Errebaleko etxebizitzen lizitazioak martxan jartzeko mailegu eskaera

Anartz Izagirre 2020ko ira. 9a, 18:50
Atzoko udalbatzarreko irudia. (Azpeitiko Udala)

Udalaren arabera, aste batzuen buruan jarriko dute martxan Esklabak-Iturzulo eremuko etxebizitzen bigarren faseko obren lehiaketa publikoa. Bestalde, aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean udalaren jabetzakoa den Esklabetako eskuin hegala Eusko Jaurlaritzari zuzenean ematea, alokairu sozialeko bizitokiak egin ditzan.

Babestutako etxebizitzen inguruko hainbat kontu onartu zituen atzo, asteartea, Azpeitiko Udalak. Alde batetik, Esklabak-Iturzuloko lanen bigarren faseko lizitazioa martxan jartzeko mailegu eskaera onartu zuten aho batez: "Esklabak-Iturzuloko bigarren faseko 39 babes ofizialeko etxebizitza eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasatuak saldu dira, eta orain, aste batzuen buruan obren lehiaketa publikoa jarriko dugu martxan. Asmoa datorren urtearen hasierarako obrak hastea da", zehaztu du Nagore Alkorta alkateak. Joan zen apirilean egin zen etxebizitzen zozketa, eta dagoeneko esleituta daude guztiak.

Bestalde, Bustinzuriko Errebaleko erregimen bereziko lau etxebizitzen obren lizitazioa abiatzeko mailegu eskaera ere onatu zuten atzoko udalbatzarrean. Errebalean hamabi etxebizitza egingo dituzte, eta horietatik lau udal babesekoak izango dira.

Alokairu sozialeko etxebizitzak

Horrez gain, udalbatzarrean behin betiko onartu zuten bestea izan zen udalak Esklabetako eskuin hegala Eusko Jaurlaritzari ematea, jaurlaritzak bertan 48 etxebizitza egin ditzan. Udalaren arabera, Eusko Jaurlaritzak "epe motzean" jarriko du martxan lan horien lehiaketa publikoa: "Hitzarmena sinatu zenetik tramitazio epea luzea izan da, baina pauso guztiak emanda, exekuziorako bidea hartu du proiektuak. Beraz, herrian, batez ere gazteentzako alokairurako 48 apartamentu eraikitzeko obrak laster hasiko dira", nabarmendu du alkateak. Udalak espero du abendua bitartean obren lizitazioa egitea eta datorren urtearen amaieran lanak hastea.

2018an sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Esklabetan alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena, eta ordutik, hainbat tramite egiten aritu dira bi aldeak.