'Korosagasti' filmaren estreinaldia irailaren 25ean izango da, Azpeitian

Anartz Izagirre 2020ko ira. 10a, 09:00
'Korosagasti' filmaren kartelaren irudia. (Erabaki produkzioak)

Guztira, Korosagasti filmaren lau emanaldi izango dira: irailaren 25ean, 26an, 27an eta 28an. Estreinaldian, gainera, Asier Sustaeta filmaren zuzendariarekin solasaldia izango da.

Bost urteko sortze prozesuaren ostean, iragarri dute Korosagasti filmaren estreinaldiko data. Asier Sustaeta azpeitiarrak zuzendutako filma irailaren 25ean estreinatuko dute, Soreasu antzokian, 21:00etan, eta zuzendariarekin solasaldia ere izango da emanaldiaren ostean. Horrez gain, beste hiru emanaldi ere eskainiko dituzte herrian; irailaren 26an (22:00), irailaren 27an (19:30), eta irailaren 28an (21:00), ikuslearen egunean. Dagoeneko eros daitezke sarrerak honako lotura honetan.

Joan zen uztailean aurrestreinatu zuten Korosagasti filma Soreasu antzokian, eta proiektuan era batera edo bestera parte hartu zuten herritarrek izan zuten filma ikusteko aukera. Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenak islatzen ditu Sustaetaren ikus-entzunezkoak, eta Azpeitiko nahiz eskualdeko beste hainbat herritarrek parte hartu dute proiektuan.

Zinema emanaldiak, martxan

Bestalde, aste honetatik aurrera martxan dira berriro zinema emanaldiak Soreasun. Padre no hay mas que uno 2 filma ikusteko aukera izango da aste honetan. Datozen asteetan, berriz, Korosagastiz gain beste hiru film ikusteko aukera izango da. Irailaren 20an eta 21ean Lander Garro zuzendariaren Bi urte, lau hilabete eta egun bat ikusteko aukera izango da —Orkatz kultur elkartearekin antolatu dute emanaldia—; lehen egunean, gainera, Lander Garroren eta Enekoitz Esnaola kazetariaren arteko solasaldia izango da.

Horrez gain, irailaren 20an Bihurri haurrentzako filma ere eskainiko dute, 16:30ean. Urriaren 3an eta 5ean, berriz, Pablo Agueroren Akelarre filma eskainiko dute. Kulturaz kooperatibak adierazi duenez, segurtasun neurriak bete ahal izateko komenigarria izango da zinemarako txartelak aurrez hartzea, Kulturazen webgunean.

Hona hemen Korosagasti filmaren aurrerapen bideoa: