Koronabirusa Azpeitian

Langabezia tasa %10,7ra iritsi da abuztuan Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 9a, 14:53

%9,4tik %10,7ra igo da tasa apiriletik abuztura. Joan den hilaren amaieran, 771 lagun zeuden lanik gabe herrian, Lanbidek emandako datuen arabera.

Konfinamendua martxoan ezarri zutenetik gaur arte langabezia tasak gora egin du etenik gabe Azpeitian; gauza nabaria da osasun krisialdiak gogor kolpatu duela ekonomia ere. Izan ere, Lanbidek emandako azken datuen arabera, azken hilabeteetako langabezia daturik kaskarrena utzi du abuztuak Azpeitian. Hilaren amaieran langabezia tasa %10,7an zegoen Azpeitian. Apiriletik abuztura pasa diren bost hilabeteetan, %1,3 hazi da tasa, apirilean %9,4ean baitzegoen. 

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, abuztuaren amaieran 771 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian. Langabe guztietatik 341 ziren gizonak, eta 430 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen %55,7. Adin tarteka, berriz, aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 48 gizon eta 41 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko 159 gizon eta 210 emakume; eta 45 urtetik gorako 134 gizon eta 179 emakume. Azken hilabeteetako joerari eutsiz, gazteen adin tartean emakume langabe gutxiago daude gizonen aldean. Gainerako bi adin tarteetan, ordea, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, abuztuan lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira.

Bestalde, abuztuaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek: 35 nekazaritzan, 172 industrian, 40 eraikuntzan, 405 zerbitzuetan; 119 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,4) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,7) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,5 da —uztailean %9,3 zen—; eta zenbateko hori baino %1,2 altuagoa da Azpeitikoa egun. Dena den, eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak uztailarekin alderatuta: abuztuan, guztira, 3.609 lagun ziren lanik gabe, uztailean baino 99 pertsona gehiago. Eskualdean lanik gabe zeudenetatik 1.991 emakumeak dira eta 1.571 gizonak. Aipatu behar da, gainera, gizonak baino emakume gehiago daudela lanik gabe eskualdeko herri guztietan.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %6,4 (uztailean, %6,3)
  • Aizarnazabal %14,2 (uztailean, %13,4)
  • Azkoitia %10,9 (uztailean, %10,4)
  • Beizama %8,5 (uztailean bezala)
  • Errezil %6 (uztailean bezala)
  • Getaria %7 (uztailean 6,6)
  • Orio %9,5 (uztailean %9,3)
  • Zarautz %9 (uztailean, %8,9)
  • Zestoa %10 (uztailean, %9,7)
  • Zumaia %9 (uztailean bezala)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%14,2), eta haren ostean dira Azkoitia eta Azpeitia. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; tasa berdina dute Orion, eta baxuagoa gainerako herriek.