Deñe da 'Egin leku!' musikari berrientzako deialdiaren irabazleetako bat

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 8a, 17:09
Deñe, Gaztea Maketa Lehiaketaren finaleko egunean.

Uztailean ireki zuen deialdia Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak. Hamahiru musika proposamen jaso dituzte eta horietatik sei aukeratu dituzte, datozen hilabeteetan Arabako hiriburuan kontzertuak emateko. Urrestillako abeslariak irekiko du, hain zuzen ere, kontzertu sorta hori: etzi, osteguna, Oihaneder Euskararen Etxean ariko da, 20:15etik aurrera.

Deñe Garcia-Bravo bakarlari gaztea da musikari hasiberriei zuzendutako Egin leku! deialdiaren irabazleetako bat. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak uztailean ireki zuen deialdia, "musikari hasiberrientzako plaza ireki bat eskaintzeko asmoarekin". Uztailaren 25a bitartean, hamahiru proposamen jaso zituzten, eta horien artean sei aukeratu dituzte: Aitor Regueiro, Lorea Zulaika, Iker Beñaran (Beñaranks), Miren Peñagarikano (ALE), Maialen Aristegi, eta Deñe.

Jon Basaguren, Miren Narbaiza eta Ander Sevilla musikariek osatu dute Egin leku! deialdiaren lehen edizio honetako epaimahaia. Originaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera dira epaimahaikideek aurkeztutako egileen artean aukeraketa egiteko kontuan hartu dituzten irizpide nagusiak. Hasiberriak ez ezik, formatu txikikoak behar zuten izan deialdira aurkeztutakoak, bakarlariak edota gehienez bi musikariz osatutako musika proposamenak.

Deialdiaren helburu nagusienetakoa betez, sei irabazleei jendaurrean aritzeko plaza eskainiko diete antolatzaileek. Gasteizen emango dituzte kontzertuak seirek datozen hilabeteetan eta, hain zuzen ere, Denek berak irekiko du kontzertu sorta hori: etzi, osteguna, Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan ariko da, 20:15etik aurrera. Gonbidapena beharko da emanaldi horretara joateko; www.oihaneder.eus webgunean edo oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikora idatzita eskura daitezke gonbidapenak.

Kantu berriak grabatzen

H,ilabete gutxiren epean bere musika eta izena zabaltzeko parada bat baino gehiago izan ditu Deñek.  Joan den urteko udan bere lehen hiru abestiak grabatu  ondoren, jendaurrean aritzeko lehen aukerak iritsi zitzaizkion. Azken Gaztea Maketa Lehiaketaren finalistetako bat izan da, besteak beste, urrestildarra.

Egin leku! deialdian ere aukeratutakoen artean izateaz gain, kantu berriak sortzeari ez dio utzi 17 urteko gazteak. Horietako hiru grabatu berri ditu, asteburuan, Zestoan, Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioan.