Amaitu dira Jotakiek eta Immaculate Foolsek zezen plazan eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 8a, 15:00

Jotakiek eta Immaculate Foolsek zuzeneko bana eskainiko dute hilaren 19an Azpeitiko zezen plazan, Kulturazek eta udalak antolatuta. Hasiera batean kontzertuak Sanagustin kulturgunean egitekoak baziren ere, osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko helburuarekin aldatu dute emanaldien lekua, besteak beste. 

Bukatu dira Immaculate Fools eta Jotakie musika taldeek irailaren 19an, larunbatez, Azpeitiko zezen plazan eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrera guztiak. Kulturaz kooperatibak gaur jakinarazi du berria sare sozialetan. Zuzenekoak 22:00etan hasiko dira, eta sarrerak dituztenek ez ezik Kultur Bonoa dutenek gozatu ahal izango dute bi taldeek eskainiko dituzten kontzertuez. 

Hasiera batean martxoaren 20an soilik ziren kontzertuak eskaintzekoak, baina sarrerak berehala agortu zirela ikusita, beste hitzordu bat programatu zuen Kulturazek martxoaren 21erako. Hori horrela, bi egunetan jarraian ziren zuzenekoak eskaintzekoak Jotakie eta Immaculate Fols. Baina COVID-19aren pandemia eta konfinamendua tarteko, antolatutako kultur ekitaldi guztiak atzeratu behar izan zituzten. Kulturazek duela hilabete inguru jakinarazi zuen Immaculate Fools eta Jotakieren kontzertuek data eta leku berria zutela: irailaren 19a, Azpeitiko zezen plazan. Osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko eta bi emanaldiak egun eta leku berean egitea ahalbidetzeko helburuz aldatu zuten kontzertuen kokalekua.

Irailaren 19an euria egitekotan, ez dituzte kontzertuak bertan behera utziko, eta aurrera egingo dute programatutako hitzorduarekin. 

Immaculate Fools 1984an sortu zen taldea britaniarra da, eta folk arrastoak dituen pop-rock estiloa lantzen dute. 1985ean Immaculate Fools deituriko abestiarekin egin ziren ezagun, eta 1997an amaitu zuten ibilbidea, sei album argitaratu ostean. 2016an, ordea, bandaren liderra zen Kevin Weatherillek taldea birsortu zuen Espainiako eta Britania Handiko musikariekin.

Jotakie taldea, berriz, 1980ko hamarkadan sortu zen, eta euskal rock erradikalaren parte izan zen. Jotakie punkaren eztandarekin batera sortu zen Urola bailaran, eta denboraren poderioz euskaraz abesturiko pop-rock taldea bilakatu zen. 1981etik 1990era bitartean iraun zuen taldearen jardunak, baina azken urteetan eman izan dituzte noizbehinka kontzerturen batzuk; esate baterako, 2019ko Azpeitiko jaietan.