Koronabirusa Azpeitian

Hiru kasu positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak

Andoni Elduaien 2020ko ira. 8a, 12:58

Hiruna kasu atzeman dituzte Azpeitian eta Zarautzen, eta beste kasu bat hauteman dute Zestoan. 6.836 PCR proba egin zituzten atzo, eta Bizkaian zenbatu dituzte kasu gehien: 216 guztira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi ditu atzo egindako PCR proben emaitzak, eta Azpeitian beste hiru kasu zenbatu ditu; azken lau egunetan 22 kasu hauteman ditu Osakidetzak. Azpeitiko hiru kasuez gain, ordea, eskualdean beste lau kasu positibo detektatu dituzte: hiru Zarautzen eta kasu bat Zestoan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin zuen atzo kasu positibo berrien kopuruak. Dena den, azken orduetan 397 positibo atzeman dituzte, atzo baino 116 kasu gutxiago. Atzo guztira 6.836 PCR proba egin zituzten hiru lurralde horietan, azken hiru egunetako kopuru txikiena.

Lurraldeka, bestalde, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 216 kasu. Gipuzkoan, berriz, 146 atzeman dituzte, eta 27 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere positibo eman dute probetan. Gaur egun 241 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 50 lagun daude ZIUn. Atzoko datuen arabera, 32 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 0,98 da.