Koronabirusa Azpeitian

Hemeretzi positibo berri zenbatu dituzte asteburuan Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 7a, 13:24

Ostiraletik igandera bitartean, hemeretzi herritarrek eman dute positibo PCR probetan. Eskualdean, guztira, 28 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 513 kasu atzeman zituen Osakidetzak atzo.

Asteburuetan ez ditu Osakidetzak koronabirusaren herriz herriko datuak ematen, baina ohi bezala, gaur, astelehena, jakinarazi ditu asteburuan PCR probetan atzemandako kasu positiboak. Azpeitian, hemeretzi positibo zenbatu dituzte asteburuan.

Eskualdean, guztira, 28 positibo berri zenbatu ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean. Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien: hemeretzi –horietatik lau ostiralean eta hamabost igandean–. Zarautzen, berriz, hiru positibo zenbatu dituzte, hirurak zapatuan. Aian, berriz, bi kasu zenbatu dituzte –ostiralean eta zapatuan bana– eta kasu bana atzeman dute Zumaian –ostiralean– eta Zestoan –igandean–. Bestalde, Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian, Errezilen eta Orion ez dute positiborik atzeman.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, 513 kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kasu horietatik gehienak beste behin ere Bizkaian atzeman dituzte, 299 guztira; 162 zenbatu dituzte Gipuzkoan, eta beste 35 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, hamazazpi izan dira PCR proban positibo eman dutenak.

Gorabeherak lurraldez lurralde

Azken egunetako datuekin alderatuta, COVID-19 gaitzaz kutsatutakoen kopuruak nabarmen egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, ostiralean baino 422 kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo, eta zapatuan baino 95 gutxiago. Atzo, guztira, 6.190 PCR proba egin zituen Osakidetzak, azken egunetan baino gutxiago.

31 lagun ospitaleratu zituzten atzo koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Datuak behera egin du zerbait; izan ere, azken egunetan 35 ospitaleratzeren langa gainditu da egunero. Gaur-gaurkoz, gaitzaren eraginez 280 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, azken egunetan baino gehiago; horietatik 49, gainera, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan daude ospitaleratuta.