Txikienek hasi dute ikasturtea, babes neurri artean

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2020ko ira. 7a, 12:25

Sei hilabete eta gero, gaur itzuli dira eskolara txikienak. Motxilak eta maskarak soinean, modu mailakatuan eman diote hasiera ikasturteari. Ikastetxeetako jolastokietan ilara luzeak ikus zitezkeen goizean goizetik, eta pixkanaka eta elkarren arteko tarteak zainduz sartu dira ikasgeletara.

Ezohiko egoeran, ikasturtea ere halaxe hasi dute gaur, astelehena, herriko lau ikastetxeetako ikasleek. Motxilak eta maskarak soinean, modu mailakatuan bete dituzte martxotik hutsik egon diren ikasgelak, pilaketak saihesteko helburuarekin.

Iraurgiko eta Karmelo Etxegaraiko ateak 09:00etan zabaldu dituzte, 09:15etan Ikasberrikoak eta 10:00etan Urola ikastolakoak. Jolastokietan ilarak osatu dituzte ikasleek, irakasleen laguntzarekin, eta pixkanaka-pixkanaka eta elkarren arteko tarteak zainduz sartu dira ikasgeletara, kanpoan gelditu behar izan duten gurasoen begiradapean.

Behin ikastetxe barrura sartuta, ohitura berrietara egokitzen hasi behar izan dute txikienek, ikastetxe guztietan hartu baitituzte segurtasuna bermatzeko neurriak: lurrean jarri dituzten gezien arabera ibili beharko dute, eskuak sarri garbitu beharko dituzte, erabilitako materiala desinfektatu beharko dute, eta abar.

DBH2tik gorako ikasleek datorren astelehenean ekingo diote ikasturte berriari.