Igor Gonzalezen heriotza salatu dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2020ko ira. 5a, 19:40

Hainbat lagun elkartu dira gaur, zapatua, plazan, Igor Gonzalez presoaren heriotza salatzeko, Salbuespen legediak hiltzen du lelopean. Azpeitiko Sarek deituta egin dute mobilizazioa herritar hainbatek; izan ere, atzo Martuteneko kartzelan hilik agertu zen presoa. Bihar, igandea, manifestazioa egingo dute Bilbon, eta Azpeititik hara joateko autoak egongo direla gogorarazi du Sarek.

Azpeitiko Sarek salatu duenez, edozein preso "bortizki hiltzeak" kartzela sistemaren "porrota" dakar. "Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non presoak pilatuta bizi diren kondena amaitu arte". Sareren arabera, Gozalezek "sistema anker" baten ondorioz galdu du bizia, "aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz", eta dinamikak adierazi duenez, horrek "gogoeta eginarazi" behar die erakundeei eta alderdi guztiei.

2005eko martxoan atxilotu zuten Gozalez Donostian, eta aurtengo martxoan bete zituen zigorraren hiru-laurdenak. Bilbokoa zen, eta 47 urte zituen. "Eskubide urraketak jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske eta bizirik egongo zen", esan du Sarek.

Presoak "etxean eta bizirik" nahi dituela aldarrikatu du Azpeitiko Sarek, eta salbuespen-legediak "heriotza" dakarrelako, politika hori bertan behera uztea "denen" ardura dela adierazi du.