Udalak omenaldia egin dio 100 urte bete dituen Kandido Arrue herritarrari

Anartz Izagirre 2020ko ira. 4a, 14:45
Kandido Arrue udaleko ordezkariekin. (Azpeitiko Udala)

Lore sorta bat eta Mikel Sanjuanek egindako tailu bat jaso ditu Kandido Arruek omenaldian. Azpeitia "harro egoteko moduko herria" dela adierazi du hitzartzean.

Azpeitiko Udalak omenaldia egin dio gaur, ostirala, 100 urte bete dituen Kandido Arrue azpeitiarrari. Udaletxeko pleno aretoan izan da omenaldia, eta Arrueren sentiartekoez gain, bertan izan dira Nagore Alkorta alkatea eta Aitor Bereziartua zinegotzia ere. Lore sorta bat eta Mikel Sanjuanek egindako tailu bat jaso ditu Arruek omenaldian, eta gustura hartu du saria azpeitiarrak: "Erakusteko moduko Azpeitia dugu, azken urteetan lan asko egin da Azpeitia hobetzeko, eta harro egoteko moduko herria dugu", azaldu du hitzartzean.

Udalaren arabera, urte gaziak zein gozoak bizi izan ditu Arruek 100 urte hauetan. Zazpi urtez soldadu ibili zen Andaluzian (Espainia), eta Azpeitira itzuli ostean familia osatu zuen; hain zuzen ere, Agerreko Maritxu Lopetegirekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Emazte zena ez, baina bere seme-alabak zein bilobak omenaldian izan dira.

Herrian ez ezik, eskualdean ere ezaguna da Arrue adinekoen artean, urte luzez Iberdueroko etxez etxeko kobratzailea izan baitzen, eta lan horretantxe ziharduela hartu zuen erretiroa.