Ostalariak kopetilun

Txanpardin landetxea.

Osasun krisiak bete-betean eragin dio turismoari, eta herriko ostalariek ere ederki nabaritu dute beherakada. Tokiko turismoak gora egingo zuela zioten adituek, baina Azpeitian bisitari gutxi ibili da. Loiola hoteleko eta Txanpardin landetxeko arduradunen arabera, "aspaldiko udarik txarrena" izan da aurtengoa.

Uda arraroa izan da aurtengoa. Askok bertan behera utzi behar izan dituzte oporretarako zituzten planak, eta beste hainbatek moldatu egin dituzte egungo errealitatera. Tokiko turismoak indarra hartuko zuela zioten adituek, baina Azpeitiko ostalariek ez dute nahi adina bisitari jaso azken hilabeteetan. Loiola hoteleko eta Txanpardin landetxeko arduradunek argi azaldu dute nolakoa izan den 2020ko uda: "Oso txarra".

Loiola hoteleko arduraduna da Olatz Azpiazu, eta hark azaldu duenez, "aspaldiko urterik txarrena" izan da aurtengoa. "Abuztuko aurreneko pare bat aste salbatu genituen, Azpeitira lanera zetorren jendeak hotelean ostatu hartu zuelako. Dena den, Azpeitian koronabirusaren agerraldia izan zenean, beherakada handia nabaritu genuen; kalte handia eragin zigun horrek. Esaterako, talde batek abuztuaren bukaerarako astebeteko erreserba egina zuen hotelean, eta Azpeitiko agerraldiaren berri izan zutenean, bertan behera utzi zuten".

Koronabirusak eragindako geldialdiaren ostean, ekainaren hasieran zabaldu zuten Loiola hotela. Azpiazuk azaldu duenez, azken hamar urteetan bisitari ugari jaso izan dute abuztuan. "Iaz, adibidez, abuztu osoan beteta izan genuen hotela; hilaren 1etik 31ra". Aurten, ordea, lehengo urtearekin alderatuta, %25 fakturatu dute hil horretan.

Uztailean ere antzeko mugimendua izan dute hotelean. "Guk lan asko egiten dugu tailerretako jendearekin, eta mugimendu pixka bat izan da, baina turismoari dagokionez, oso jende gutxi ibili da. Espainiatik etorri dira bisitari gehienak, baina oso gutxi izan dira, eta euskal herritarrak are gutxiago". Azpiazuk adierazi duenez, azken urteetako bisitarien %30-edo penintsulaz kanpokoa izan da. "Horiez aparte, madrilar eta katalan asko etorri ohi dira".

Aurten, gainera, uda iritsi aurretik erreserba ugari egin zituzten bisitariek Loiola hotelean. "Beste urteetan azken momentuko erreserbak egin izan dituzte, Donostiako ostatuak beteta aurkitzen dituztelako edo prezio altuak izan ohi direlako han; orduan jotzen du jendeak barru aldera". Dena den, Azpiazuren arabera, azken bi urteetan jendea Azpeitira etorri izan da propio, Ignaziotar Bidea egitera edo bestelako planak gauzatzera. Aurtengoan, baina, erreserba horietako gehienak bertan behera gelditu dira. "Azpeitiko agerraldiak kalte handia eragin digu, baina egunen batean iritsi behar zen koronabirusa gure herrira, eta...".

Txanpardin ere antzeko

Azpiazuren antzeko ildotik mintzatu da Txanpardin landetxeko Pili Ezenarro ere. "Jende gutxi ibili da aurten, bai uztailean, bai abuztuan. Lan gehiago egingo nukeenean gelditu naiz", esan du. Haren arabera, nabarmena izan da beste urteekiko aldea.

Txapardinen Aste Santuan eta udan ibili ohi da jende gehien. "San Fermin jaiak igarotzean hasi ohi dira bisitariak etortzen. Saninazioak ere potenteak izaten dira; Donostiatik, Frantziatik, Alemaniatik... etorri ohi da jendea zezenak ikustera. Aurten, ordea, ez da festarik egin, eta inor ez da etorri".

Aurtengo udan urrutira joaterik ez zegoenez, Euskal Herriko landetxeetan ostatu hartzeko joera areagotu dela esan dute adituek. Dena dela, Ezenarro ez dator bat ideia horrekin bat: "Ez da Euskal Herriko jenderik ibili. Gela bat erreserbatzeko ordaindu egin behar duzu, eta bizkaitar bat egun-pasa etortzen baldin bada, atzera berriz etxera joan ohi da lo egitera. Guk ere gauza bera egiten dugu Donostiara edo Bizkaira joaten garenean. Agian, toki merkeagoetan ibiliko zen jendea, baina gure landetxera ez da Euskal Herriko jenderik etorri. Kanpotarrak ibili dira gurean: madrildarrak, andaluziarrak, Mallorcakoak...". Haren esanetan, igerilekudun landetxeetan egin du gora bisitari kopuruak. "Guk ere jacuzziren bat-edo jarri beharko dugu...", bota du umorez.

Bromarako tarterik hartu badu ere, Ezenarrok ez du panorama ederra ikusten begien aurrean. Hark azaldu duenez, galera nabaritu dute beste urteekin alderatuta. "Mantenua ordaintzeko adina diru lortu dugu, baina irabazi handirik ez dugu izan. Gastuak ordaintzeko moldatu naiz, eta ez da gutxi. Aldatuko ote da hau dena... Izan ere, ostalaritza munduak jende askori ematen dio jaten, eta hori ez baldin badoa ondo...".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide