Dagoeneko eman daiteke izena Arte eta Diseinu Ikastegiko tailerretan

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 3a, 08:20

Marrazketa tailerra eta egur tailuko ikastaroa eskainiko dituzte Arte eta Diseinu Ikastegian. Irailaren 7an hasiko dira eskolekin, eta horietan izena eman nahi dutenek 688 751 887 telefono zenbakira deitu beharko dute. 

Irailaren 7an irekiko ditu ateak Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI), eta zabalik da bertan matrikulatzeko epea. Datorren ikasturtean ere marrazketa tailerra eta egur tailuko ikastaroa eskainiko dituzte ADIn. 

Koronabirusa dela eta, ikasturte berezia izango da aurtengoa, eta ezinbestekoa izango da osasuna bermatzeko segurtasun neurriak hartzea eta irizpideak jarraitzea. Hori dela eta, ADIko arduradunek protokolo zehatza ezarri dute aurtengo ikasturterako. Saioak hasi aurretik, tenperatura hartuko diete tailerretan izena ematen duten lagunei banan-banan, eta eskuak garbitu ostean sartuko dira ikastegira. Haurren kasuan, haien gurasoek kanpoan itxaron beharko dute. Saioa amaitzean ere ezinbestekoa izango da eskuak garbitzea. ADIko arduradunek azaldu dutenez,
6 urte baino gutxiagokoek ez dute maskararik eraman beharko tailerrek irauten duten bitartean. Halaber,  egun bakoitzean gehienez 20 ikaslek parte har dezakete saioetan. 

Arte eta Diseinu Ikastegian izena eman nahi dutenek edo informazio zehatzagoa jaso nahi dutenek, 688 751 887 telefono zenbakira deitu behar dute.