Koronabirusa Azpeitian

Positibo bakarra atzeman dute Azpeitian azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko ira. 1a, 12:37

Alde Zaharreko koronabirus agerraldia “kontrolpean” dago dagoeneko Azpeitiko Udalaren eta Osasun Sailaren arabera, eta positibo kopuruak nabarmen egin du behera. Joan astelehenetik 28 positibo detektatu dituzte herrian; ostiraletik hona, berriz, sei. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin dute positiboek joan zen asteko datuekin alderatuz gero.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi ditu azken orduetako PCR proben emaitzak, eta Azpeitian kasu positibo bakarra atzeman du. Alde Zaharreko koronabirus agerraldia “kontrolpean” dago dagoeneko Azpeitiko Udalaren eta Osasun Sailaren arabera, eta positibo kopuruak nabarmen egin du behera. Izan ere, joan astelehenetik 28 positibo detektatu dituzte herrian –joan asteartean eta asteazkenean gehien, zazpi eta hamahiru kasu, hurrenez hurren–.

Urola Kostan, Azpeitikoaz gain beste zortzi kasu atzeman ditu Osakidetzak. Hain zuzen ere, Azkoitian hiru positibo, Errezilen bi, eta Aian, Orion eta Zarautzen kasu bana. Azken egunetan ari dira positiboak detektatzen, baina duela egun batzuk baino gutxiago dira herri gehienetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin du positibo kopuruak azken egunetan. Dena den, azken orduetan 445 positibo atzeman dituzte, atzo baino 36 gehiago. Hala ere, joan zen asteko datuekin alderatuta, jaitsi egin da positibo kopurua –zapatuan emandako datuen arabera, 861 positibo detektatu zituzten, orain arteko gehien–. Positiboen jaitsierak egindako PCR kopuruarekin izan dezake lotura; izan ere, azken orduetan 7.163 proba gauzatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –ostiralean, berriz, 10.004 gauzatu zituzten–.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 194. Gipuzkoan, berriz, 146 atzeman dituzte, eta 89 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamasei lagunek ere positibo eman dute probetan. 

Gaur egun 249 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 33 daude ZIUn. Atzoko datuen arabera, 46 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 1,04 da.

Nafarroan, berriz, 158 positibo zenbatu dituzte azken orduetan egindako 1.415 PCR probetan. 91 urteko gizon bat hil da, eta lau lagun ospitaleratu dituzte –horietako inor ez ZIUn–. Gaur-gaurkoz, koronabirusaren eraginez 84 daude Nafarroan ospitaleratuta, eta horietatik zortzi daude ZIUn.