6 urtetik gorako ikasleek derrigorrez jantzi beharko dute maskara ikastetxeetan

Haur Hezkuntzako ikasleek ere maskara erabiltzea gomendagarria dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Ikastetxeetara itzulera mailakatua izango da, eta DBH3tik gorakoek irailaren 15ean hasiko dute ikasturtea, hilaren 7an beharrean. Publiko egin berri duten protokolo ofiziala albistean deskargatu daiteke.

Ikasturte berriaren inguruko zalantzak argitu ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak gaur eguerdian egindako agerraldian. 6 urtetik gorako ikasleek ikastetxean maskara jantzi beharko dutela da berritasun nabarmenena. LH1etik gorako ikasleentzat derrigorrezkoa izango da musukoaren erabilera, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak adierazi duenez. Gainera, adin horretatik beherako haurrek ere maskara erabiltzea gomendagarria dela azpimarratu du.

Hezkuntza zentroetan maskararen erabilera indartzeak garrantzia handia du Eusko Jaurlaritzarentzat, eta ikasleen arteko distantziak zaintzeak ere bai. Adierazi dutenez, kurtso berria ahalik eta era seguruenean hasteko xedearekin hartu dituzte neurriok, Osasun Sailarekin elkarlanean.

Kurtso hasiera mailakatua, eskola presentzialak

Maskararen erabileraz gain, beste hainbat neurriren berri ere eman du Uriartek. Ikasle gehienen ikasturtea irailaren 7an hasiko bada ere, DBH 3tik gorakoek hilaren 15etik aurrera jasoko dituzte aurreneko eskolak, Batxillergokoek barne.

Eusko Jaurlaritzarentzat ikasturteak presentziala izan behar du, eta neurrion bidez, ikasleen segurtasuna bermatu nahi dute.

Etxean geratzeko agindua, sintomak izanez gero

Ikasle edo irakasleren batek COVID-19ak eragindako sintomaren bat izanez gero, etxean geratu eta Osakidetzaren jarraibideak errespetatu beharko ditu. "Osasun Saileko profesionalek erabakiko dute zer egin positiboren bat egonez gero", azaldu du Uriartek.

Ikastetxean hiru positibo batera atzemango balira, agerraldiaren jatorria argitzen saiatuko liratekeela argitu du Nekane Murga Osasun sailburuak. Horretarako,  protokolo bat jarriko dute ikastetxe bakoitzaren esku, eta hezkuntza zentroak osasun arloko profesionalek emandako jarraibideak errespetatu beharko ditu.

1.000 irakasle gehiago

Osasun krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak 1.000 irakasle gehiago kontratatzeko asmoa adierazi du. Profesional horiek ratio altuenak dauzkaten zentroetara bideratuko dituzte.

Pertsonal arloa indartzeaz gain, Uriartek nabarmendu du 24.361 ordenagailu eramangarri ere erosiko dituztela, irakasle eta ikasleentzat. Horrez gain, Hezkuntza sailak 500.000 musuko bidaliko ditu hilero ikastetxeetara, termometro digitalekin eta gel hidroalkoholikoekin batera.

Eusko Jaurlaritzak argitara eman duen protokoloa deskargatzeko, egin klik hemen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide