Sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzako eskatu diote 300 kazetarik baino gehiagok Eusko Jaurlaritzari

Urolako Komunikazio Taldearen Azpeitiko bulegoa.

Euskal Herri osoko hainbat komunikabidetako kazetariek sinatu dute euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Urolako Komunikazio Taldeko hainbat kazetarik ere izenpetu dute manifestua.

Euskaraz lan egin eta informatu ahal izateko, euskaraz jakingo duen Eusko Jaurlaritza eskatu dute 300 kazetarik baino gehiagok. Gaur, osteguna, aurkeztu dute manifestua Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak, eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetako kazetarik sinatu dute manifestua; besteak beste, Urolako Komunikazio Taldeko kazetariek.

Aurkezpenean adirazi dutenez, "ez dira aski" euskarazko adierazpen irakurriak, ezta "ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak" ere. Ildo horretatik, euskal kazetaritza profesionalari eta herritarrei euskaraz hitz egingo duen Eusko Jaurlaritza "zor" zaiela azaldu du Artolak. Manifestuan agertzen denez, "berdintasun defizit bat zuzentzea" da eskakizun horren helburua, eta bertan nabarmentzen da erakunde publikoek "erantzukizuna" dutela euskararen normalizazioan.

Era berean, manifestuan azaltzen da "une historikoak" bizitzen ari dela gizartea eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela komunikabideetako profesionalen lana. Hori dela eta, funtzio hori betetzeko kazetariak "notiziaren sorburura" joan behar izaten duela agertzen da manifestuan, kazetariaren betebeharra dela galderak egitea, eta arduradun politikoen erantzukizuna dela galdera horiei bi hizkuntza ofizialetan erantzutea.

Berria egunkariaren atarian irakur daitezke manifestua eta sinatzaileen izenak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide