Juan Joxe Agirre hil da

Anartz Izagirre 2020ko abu. 24a, 09:45
Juan Joxe Agirre Uztarriaren 20. urteurreneko 'Klik!' erreportajean. (Xanti Rodriguez)

Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea eta Uztarriako kolaboratzailea zen Agirre, eta atzo hil zen 75 urterekin, bihotzekoak jota.

Juan Joxe Agirre argazkilaria hil zen atzo, igandea, 75 urterekin, bihotzekoak jota. Azpeitiarra Argazki Elkarteko kidea ez ezik, elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen, eta hainbat liburutan parte hartu zuen; besteak beste, Azpeitiko baserriak liburua egin zuen, eta Laxaro Azkuneren Sagardoa Azpeitian liburuan ere parte hartu zuen. Horrez gain, hainbat aldizkaritan ere argitaratu izan zituzten hark ateratako argazkiak, eta hamaika argazki txapelketa irabazi zituen. Uztarriaren kolaboratzailea ere izan zen azpeitiarra, eta aldizkari berrituko lehen zenbakian ere parte hartu zuen. Urte luzez lan nekaezina egin zuen Agirrek argazkilaritza arloan eta beste hainbat eremutan.

Bihar, asteartea, goizean erraustuko dute gorpua, eta arratsaldeko 19:00etan izango da hileta elizkizuna, Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian.