Bertakoak, inoiz baino gehiago

'Berria' egunkaria 2020ko abu. 23a, 11:53

Ezohikoa izan da uda, eta herrietako azokek eta denda txikiek aurre egin behar izan diote. Bi aurpegiko txanpona izan da, baina: batzuen alde jokatu du urtaroak, eta beste batzuek gorriak ikusi dituzte. Abuztua amaitzear den honetan, kezkaz ikusten dute askok zer etorriko ote den. Xabier Aldalur Dendarteaneko kidearekin hitz egin du Berriak.

Bizimodua etxean, auzoan eta herrian egiteak kontsumoaren perspektiba aldatu du erabat. Hemengoa inoiz baino hurbilago egon da bezeroentzat, eta nabaria da haien jarreran aldaketa bat izan dela. Azoketako zein denda txikietako saltzaileen lanari esker, kontsumo ohiturak aldatu egin dira pandemia garaian. Orain, kontua da ea gizartean errotuko diren.

Denda askok pertsianak jaitsi zituzten martxoan, noiz altxatuko zituzten jakin gabe. Hamaika denda txiki daude, eta hamaika traba jasan behar izan dituzte. Udan, ordea, turismoak bi eredu sortu ditu oso desberdinak; batzuei on egin diete hilabeteok, eta besteek gorriak ikusi dituzte. Dendartean Gipuzkoako denden elkarteko Xabier Aldalurrek bi soslai bereizi ditu: "Hiri handiak jendetzarekin lotu dira, eta beheraka egin du turismo eredu horrek; leku lasaiagoak irten dira irabazle". Erdibidekoak ere badaude, turismo eskaintza handirik ez dutenak, baina bertako dendak aurreko urteetako udan baino "hobetoxeago" daudela esan du, herrietan jende gehiago geratu izanak lagundu egin baitu.

Irailetik aurrera, "errealitatera" itzulita —zentzu oso zabalean ulertuta—, ikusi beharko da zein den benetako egoera. Aldalurrek adierazi du konfinamendu ostekoak eta udan izan den bultzadak "zirrara" eragin dutela hasieran, eta horrek bertako dendetan erostera bultzatu dituela herritarrak. Baita denborarekin baretu egin dela ere, eta uda amaitzean ikusi beharko dela zertan den egoera.

"Entzuten eta entzuten ari gara krisi handia dugula bertan", azpimarratu du teknikariak. Haren ustez, erosketa puntualak egiten diren dendek izango dute arrisku handiena salmentak jaisteko. Oinarrizko produktuak saltzen ez zituztenak izan ziren itxialdian kaltetuenak, eta bide beretik joan daitezke orain ere.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus atarian.