Koronabirusa Azpeitian

Ostirala eta atzo artean 47 koronabirus kasu atzeman dituzte herrian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 16a, 12:46

Ostirala eta atzo artean 2.000 PCR proba inguru egin eta behin-behinean 47 kasu positibo atzeman dituzte herrian. Abuztuaren 7tik 9ra, bitartean Alde Zaharrean izan diren herritarrei nahiz positibo eman duen pertsonaren bat inguruan dutenei proba egitera joateko deia egin die udalak. Udalak azaldu duenez, ostiraletik indarrean diren neurriek indarrean segituko dute "fokoaren dimentsio erreala" ezagutu bitartean.

Udalak eta Osasun Sailak Azpeitiko koronabirus fokuari buruzko bilera egin dute gaur, igandea, goizean, eta Nagore Alkorta alkateak jakinarazi duenez, ostirala eta atzo artean 2.000 PCR proba inguru egin eta behin-behinean 47 kasu positibo atzeman dituzte herrian –ostegunean beste hamahiru detektatu zituzten–. Hark azaldu duenez, adin tarte guztietan detektatu dituzte positiboak, eta datozen orduetan gehiago ere izango direla adierazi du: "Bereziki kezkatzen gaitu 70 urtetik gorakoen artean lau positibo izateak. Horietatik bik sintomak dituzte eta gaixo daude".

Joan zen ostiraletik igandera, hau da, abuztuaren 7tik 9ra, bitartean Alde Zaharrean –plazan barne– izan ziren herritarrei PCR proba egitera joateko deia egin die beste behin Azpeitiko alkateak, baita kasu positiboren bat gertuan dutenei ere. Izan ere, gaur eta bihar ere probak egingo dituzte Betharrametako pilotalekuan. Herritarrek anbulatoriora edo Osasun Aholkularitzaren 900-20 30 50 telefono zenbakira deitu beharko dute proba egiteko hitzordua eskatzeko.

Ostiralean, Alde Zaharreko fokuaren berri izan zutenean, hainbat neurri hartu zituen udalak, eta horiek indarrean segituko dute datozen egunetan "fokoaren dimentsio erreala" ezagutu bitartean. Besteak beste, eguneko zentroa, igerilekua nahiz kiroldegia itxi zituen erakundeak, eta San Martin egoitzako bisitak bertan behera utzi zituzten. Horrez gain, Alde Zaharreko tabernak itxita daude ostiralaz geroztik.

Azpeitiko alkateak adierazi duenez, "egoera konplikatu" baten aurrean dago herria. "Kezkatuta gaude adinekoen kolektiboarekin, eta horiei prebentzio neurriak hartzeko deia egiten diegu. Denok ditugu adinekoak inguruan, eta babes ditzagun, prebentzio neurriak har ditzagun, maskara erabil dezagun". Horrez gain, jende artean egotea, lagunartea eta famili bazkariak saihesteko deia egin du Alkortak. "Dena helburu bat eta bakarrarekin: foko hau ahalik eta azkarren itzaltzen laguntzea".