Koronabirusa Azpeitian

Gaueko tabernak eta diskotekak itxiko dituztela iragarri du Espainiako Gobernuak

Julene Frantzesena 2020ko abu. 14a, 14:34
Salvador Illa gaur eskaini duen agerraldian.

Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, hainbat neurri berri iragarri ditu Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak. Besteak beste, metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den lekuetan erretzea debekatuko dute.

Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak neurri murriztaile berriak iragarri ditu gaur, ostirala, egin duen agerraldian. Gaueko aisialdia du jopuntuan Madrilek; ministroaren esanetan, “ezinbestekoa” da bertan behera geratzea pandemia gehiago heda ez dadin. Diskotekak eta gaueko tabernak ixtea agindu du Espainiako Gobernuak, eta gainontzeko ostalaritza establezimenduek 01:00etan itxi beharko dituzte ateak; gainera, 00:00etatik aurrera ezingo da bezero gehiago sartu tabernetara eta jatetxeetara. Horrez gain, metro eta erdiko tartea utzi ezin daitekeen eremuetan erretzea eta botiloia egitea debekaturik egongo da.

Bestelako hainbat neurri ere iragarri ditu Osasun ministroak: adinekoen egoitzetako egoiliar berriei PCR probak egin beharko dizkiete, baita oporretatik itzuli diren edo lanean hasi berri diren beharginei ere. Adinekoen egoitzetako bisitetan ere aldaketak izango dira, eta egoiliarren irteerak mugatuko dituzte. Bestalde, ekitaldi jendetsu bat egiten den aldiro arriskuen azterketa bat egin beharko dute tokiko agintariek, Espainiako Osasun Ministerioak jarduera horien inguruan adosturiko irizpideei jarraituz. Ministroak, era berean, jakinarazi du PCR probak egingo dizkietela talde jakin batzuei agerraldiak daudenetan; besteak beste, zahar etxeetakoei, ikastetxeetakoei edo kolektiborik zaurgarrienei. 

Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako agintariekin adostu ditu aipatutako neurriak, baita hainbat gomendio ere. Illak herritarrei eskatu die harremanak ahalik eta gehien murrizteko, eta jendearekin elkartzekotan hamar lagun baino gehiagoko taldeetan ez biltzeko ere bai.