Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian hamahiru positibo atzeman ditu Osakidetzak

Julene Frantzesena 2020ko abu. 14a, 12:57
Osasun langilean anbulatorioaren ondoan jarri duten PCRak egiteko karpan lanean.

Atzoko datuetan ez zen positiborik izan Azpeitian, baina azken eguntan zortzi kasu zenbatu dituzte. Gaurkoa da inoiz Azpeitian zenbatu den positibo kopuru handiena. PCR proba gehiago egingo dituzte gaur eta bihar herrian. Azpeitikoez gain, beste sei kasu ere atzeman ditu Osakidetzak Urola Kostan.

Osakidetzak kaleratu ditu azken orduetako koronabirus proben emaitzak, eta Azpeitian hamahiru kasu zenbatu ditu. Atzoko datuei erreparatuz gero, ez zen positiborik izan herrian, baina azken eguntan zortzi zenbatu dituzte, eta gaurko hamahiru positiboekin 21 dira azken astebetean zenbatutako kasuak.

Gaurkoa da inoiz Azpeitian zenbatu den positibo kopuru handiena. Anbulatorioaren aldamenean muntatuta duen karpan egiten dituzte osasun langileek PCR probak, eta gaur eta bihar aurreko egunetan baino gehiago gauzatuko dituzte.

Azpeitiko kasuez gain, beste sei kasu zenbatu dituzte eskualdean: bi Getarian, bi Azkoitian eta bana Zestoan nahiz Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute positibo berririk atzeman azken orduetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako koronabirus kasuak asko hazi dira azken egunotan. Halere, atzoko datuak baino zertxobait arinagoa da gaurkoa; izan ere, azken 24 orduetan, 510 koronabirus kasu berri atzeman dituzte hiru lurrade horietan –atzo 569–.

Bizkaian topatu dituzte horietako gehienak: 292. Araban 112 kasu atzeman dituzte, eta Gipuzkoan 92. Horiez gain, beste hamalau kasuren berri ere eman du Osakidetzak. Guztira 6.617 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta detektatutako 569 positibo horietatik, 38 pertsona opitaleratu dituzte. Egun, 123 lagun daude ospitaldean COVID-19ak jota, horietatik hamahiru ZIUn.