Azken orduetan ez dute koronabirus kasurik atzeman herrian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 13a, 13:22
PCR proba egiten Zarautzen.

Osakidetzak argitaratutako txostenaren arabera, azken 24 orduetan ez da koronabirus kasu positiborik izan, nahiz eta azken astebetean zortzi kasu atzeman dituzten Azpeitian. Urola Kostan zortzi kasu positibo zenbatu dituzte –Loiolako Gogartetxean agerraldia atzeman dute–.

Zenbakien dantzak ez du etenik, eta han-hemenka egunero agertzen dira koronabirus kasuak eskualdeko herrietan. Osakidetzak argitaratutako txostenaren arabera, baina, azken orduetan ez da koronabirus kasu positiborik izan herrian, nahiz eta azken astebetean zortzi kasu atzeman dituzten Azpeitian.

Urola Kostan izan dira positiboak azken 24 orduetan. Hain zuzen ere, zortzi kasu detektatu dituzte: hiru Getarian, lau Zarautzen eta bat Zestoan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positibo berririk ezagutu azken orduetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuak bortizki hazi dira azken egunetan. Asteartetik asteazkenera kasuen igoera nabarmena izan zen eta, gaurko zifra atzokoaren bidetik doa. Guztira, 569 koronabirus kasu berri atzeman dituzte hiru lurralde horietan, azken 24 orduetan.

Bizkaian topatu dituzte horietako gehienak: 402. Araban 75 kasu atzeman dituzte eta Gipuzkoan 72. Horiez gain, beste 20 kasuren berri ere eman du Osakidetzak. Guztira 6.618 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta detektatutako 569 positibo horietatik, 26 pertsona opitaleratu dituzte. Egun, 112 lagun daude ospitaldean COVID-19ak jota.